Hamarkadak hutsik zeramatzan Matiko kaleko 6. zenbakiko eraikina ekainaren 1ean Uribarriko auzotarrek okupatu zuten urteetan ugariak izan diren eskakizunei erantzuna emanez. Abian da, beraz, Patakon gaztetxea. Joan den asteburua lanean eman dute uribarritarrek, garbitze eta konpontze lanetan. Sinadura eta atxikimendu bilketa ere hasi dute.
1994. urtean Gure Etxea auzo elkarteak, auzoan zeuden hutsuneak ikusita, Matiko kaleko 6. zenbakian dagoen eraikin hutsari anbulatorio funtzioa emateko kanpaina sendoa jarri zuen abian. Auzokideen gehiengoaren babesa jaso zuen arren, ez zen inongo apusturik egin instituzioengandik eta eskakizun guztiak alboratu ziren. Bestalde, auzoak zituen zerbitzu urriak ikusita, auzokideentzako beharrak asetuko zituen leku bezala proposatua izan da aurrerago, inongo erantzun barik.
Gazte mailan, 1998garren urtean Uribarriko Gazteok taldeak Uzturre plazan dagoen udal eraikina okupatu zuten gaztetxe gisa abiarazteko helburuz, baina 24 orduren buruan desalojatu zituzten. Ordutik asko izan dira Gazte Asanblada berpiztuak egindako eskakizunak, ‘Gazte! Emaiozu espazioa zure kulturari!’ kanpaina kasu.
Auzo elkarteak eta gazteek egiten duten lanaz gain, ezaguna da Aldapan Gora kultur koordinakundeak auzoarentzako egiten duen eskaintza, jaiak, San Juanak, gabonak etabar luzea. Ekimen hauen dimentsioa bermatu eta zabaltzeko 2005. urtean barrutiari gune baten beharra azaleratu zion. Ordutik eskaerekin jarraitu du baina inongo erantzunik ez du jaso.
Orokorrean, ibilbide luzea du eragileek egindako lanak Uribarri auzoa biziberritzeari begira. Asko dira ekainaren 1ean okupatu zen eraikinak izan ditzakeen erabilerak auzoaren mesedetan, eta bestetik, asko dira Uribarri bezalako auzoak dituen beharrak plano sozial eta kulturalean.
Aurrekari guzti hauek kontutan izanda hartu dute auzotarrek Matiko erdialdean mende erdia baino gehiago hutsik daraman eraikina okupatzeko hautua. Eraikia izan zenetik inoiz erabilia izan ez den lursaila auzoaren zerbitzura jarriko duen proiektu integrala. Ekainaren 1ean egindako jauzia beste pauso bat besterik ez da izan, espazio hori edukiz betetzeko bide luzean tipi-tapa.
Joan den asteburuan ilusioz bete ziren Uribarriko kaleak. Gainera, auzokideen eta komertzianteen babesa ere iritsi zen gaztetxe berriraino.
"Patakon, dekonari kendu ta ez dekonari emon. Zentzu horretan zenbait konpromiso mahai gaineratu nahi ditu asanbladak:
· Patakonen ateak zabalik daudela argi utzi nahi dugu, auzotik egina eta auzoarentzako proiektua dela azpimarratuz.
· Auzoarentzako mesedegarria den ordezko planteamendu bat egon arte guk kudeatuko dugu eraikinaren mantenua. Beraz, jabeei gurekin kontaktuan jartzeko prestutasun osoa luzatzen diegu proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko asmoz.
· Martxan jarri dugun sinadura bilketa aurkezten dugu proiektuarekiko babes eta atxikimendua emateko tresna bezala auzoko norbanako zein taldeentzako".
Behetik gora edukiz bete nahi dute Uribarriko auzokideek eraikina. Udal zerbitzu ezaren aurrean, "zerbitzu herrikoiak eraikiko ditugu!". Eta abesti ezagunak dioen moduan… "lehenengotik hirugarrenera, laugarren pisutik espaziora!".