Manifestazioa gaur Uribarrin Patakon gaztetxearen defentsan eta jazarpen polizialaren aurka

bertonaldizkaria 2012ko eka. 15a, 09:32

Ertzaintzaren jokaera salatzeko eta Patakon egitasmoari bultzada emateko manifestazioa deitu dute gaurko, 19:30ean Uribarriko eskoletako plazatik abiatuta, “Uribarriko bandolero izan nahi duten guztiei” dei eginez.

Patakon gaztetxeko Asanbladak Matiko kaleko 6. zenbakiko eraikina okupatu zutenetik, ekainak 1, auzokideen artean poza eta ilusioa zabaldu direla dio, “Udal zerbitzu ezaren aurrean” behar beharrezkoa duen espazio soziokulturala ematen baitio Uribarriri. Ildo horretan, hasieratik ateak zabal-zabalik izan dituen egitasmoa dela azpimarratu nahi izan dute asanbladako kideek. Bestalde, azken egunetan jasan duten Ertzaintzaren presio eta oldarkeria (identifikazioak eta adin txikiko bati emaniko zaplaztekoa, besteak beste) salatu nahi dute gaur arratsaldeko manifestazioan.

Sinadura bilketa

Huste arriskuaren aurrean Patakonek atxikimendu bilketari ekin zion sortu eta astebetera eta zazpi egunetan 1000 sinadura baino gehiago lortu dituzte. Hori ikusita, eraikinaren jabeei beren aldetik ere “borondatea jar dezatela” eskatu diete “egoera desblokeatzeko”, eta Udalari zuhurtziaz jokatzeko galdegin diote “Uribarriko hutsune soziokulturalen ardura handia duen heinean”.

INFO + Patakon