Uribarriko hiru gazte identifikatu ditu Guardia Zibilak auzoan

bertonaldizkaria 2012ko ira. 14a, 10:51

Astearte gauean gertatu zen, 22:00ak aldera. Uribarriko Herriko tabernaren parean aparkatutako auto baten barruan zegoen gaztea identifikatu zuen Guardia Zibilak. Ondoren bertaratutako beste bi lagun ere atxiki zituzten. 

Iturria: BRANKA

Guardia Zibilak Uribarriko hiru gazte identifikatu zituen irailaren 11ko gauean auzoko Herriko tabernaren aurrean eta ordu erdi inguruz atxikita izan zituen.

Uribarriko bizilagunek Brankari jakinarazi ziotenez, astearte gauean jazo zen gertaera, 21:45etan. Guardia Zibilaren patruila bat Herriko tabernaren aurrean aparkatutako auto batean zegoen gazte bat autotik irtenarazi eta identifikatzeko eskatu zioten, autoa denbora luzez txarto aparkatuta egon zelakoan.

Orduan, gertatzen ari zena jakin nahian beste bi gazte hurbildu ziren eta horiei ere identifikatzeko exijitu zieten guardia zibilek. Gainean zeramatzaten poltsak miatu, hainbat galdera egin eta 20 bat minutuz atxikita izan zituzten Trauko eta Uribarri kaleak gurutzatzen diren puntuan, auzokide ugariren begiradapean.