“Oroimenetik konponbidera” lelopean ekitaldi politikoa egingo dute gaur Uribarrin

bertonaldizkaria 2012ko aza. 23a, 09:43

Jon Lopategi “Pantu”, Tomas Perez “Tomason” eta Celestino Galan Txelis, irailean Venezuelan hildako auzoko iheslaria, gogoan izango dituzte.

Iturria: BRANKA

Euskal iheslari politikoen kolektiboa euskal herriratzeak “bakea eta konponbidea lortzea ahalbidetuko duen eszenatoki berria lortzen lagunduko duela azaldu dute Etxeratek eta Herrirak.

Uribarriko bizilagunek ekitaldi politikoa egingo dute gaur, ostirala, azaroak 23, gatazkaren konponbidean oroimenak izan behar duen papera aldarrikatu eta Euskal Herriaren askapenaren alde beren bizitza emandako lagunak gogora ekartzeko.

Ildo horretan, Jon Lopategi “Pantu”, Tomas Perez “Tomason” eta irailean Venezuelan zendu zen Celestino Galan Txelis iheslari politiko uribarritarrak gogoratuko dituzte 19:30ean Uribarriko landan egingo duten ekitaldian.

Celestino Galan irailaren 19an hil zen Venezuelan, auto batek harrapatuta. 30 urte baino gehiago zeramatzan Euskal Herritik kanpo, Etxeratek jakitera eman zuenez. Galanek 53 urte zituen, Valencian (Carabobo Estatuan) bizi zen eta bost urteko semea zuen.

Etxeratek babesa eta elkartasuna helarazi nahi izan dio bilbotarraren lagun eta senideei eta iheslari politikoek Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea dutela ohartarazi du, “egoera hau berriz errepika ez dadin”.

Era berean, aipatu elkarteak gogoratu nahi izan ditu euskal iheslari politikoen kolektiboak bizi dituen “atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak izateko arriskuan uneoro”. Gainera, bisitak egiteko edo komunikatzeko ezintasunak modu bikoitzean zigortzen dituzte haien senideak, Etxeraten esanetan.

Herrirak bestalde, heriotza deitoratu eta iheslarien euskal herriratzeak “bake eta konponbidezko eszenatoki batera hurbiltzea” ahalbidetuko duela azpimarratu du.