Sevilla II-ko presoak gose-greba bukatutzat eman dute

bertonaldizkaria 2013ko aza. 28a, 12:59

 

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) nota baten bitartez iragarri du Sevilla II-ko espetxean zeuden presoen gose greba bukatutzat eman dutela.

Hilabete oso bat pasa dute gose greban, beraien egoera latza salatzen "Sevillako egoera ez da atzo goizekoa. Espetxeko isolamenduan kokatzea ez ezik, zigor errejimen iraunkorra aplikatzen baitiete. Patiorduetan elkarrekin atera beharrean bananduta irtetera behartzen dituzte, etengabeko miaketak jasan behar izaten dituzte eta osasun eskubidea ez zaie bermatzen" esan du EPPK-k.

Uribarriko Iker Agirrez gain Garikoitz Etxeberria, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Asier Arzalluz, Jabi Agirre, Juan Mari Etxebarri, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Urtzi Paul Larrea, Iñaki Arakama, Roberto Lebrero eta Juan Lorenzo Lasa Mitxelena izan dira baraualdian parte hartu dutenak eta gose grebalari bakoitzak 15 kilo inguru galdu ditu. Sevilla II-ko zuzendaritza ez da oraindik harremanetan jarri gose greban zeuden presoekin. Egoera aldatu ez denez, presoek beraien eskubideak aldarrikatzen jarraituko dutela argi utzi dute.