Kiratsa baino gehiago

prestaldizkaria 2013ko aza. 25a, 09:11

Haizeak Zorrotzako Sader lantegiaren kutsadura San Inaziora eta Elorrietara zabaltzen du herritarren artean eztarriko mina, larritasuna eta zorabioa eraginez. Ez da kontu berria.

Hondakin arriskutsuen tratamendua eta ongarrien fabrikazioa da Sader lantegiak 2008tik Zorrotzan egiten duena. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren baimenarekin. Eta Saderren lanak badu, bai, ondoriorik Zorrotzan bertan zein inguruko auzoetan. Kanala auzo elkarteko Albertoren arabera “urri osoan” nabaritu dute bai Elorrietan bai San Inazion usain gogorra: “Pintura usaina, azetona edota lindano usaina izan dugu”. Horrelakoetan “parkean ezin da egon”, dio eta etxeetako “leihoak itxi beharra dago”. Auzotar ugarik deitu du 112 telefonora kalteen berri emanez. Eztarriko narritadura dela edota zorabioa dela, SOS Deiaken “ehunka kasu daude”.

Urbanismo gaietan aditua den abokatu bat kontratu du Kanala auzo elkarteak. Bere bitartez Ingurumen Sailari Saderren aktibitateari buruzko informazioa eskatu diote. Gauza bera egin du PSOE-EE alderdiak Gasteizko legebiltzarrean. Eusko Jaurlaritzari zuzendu zatzaio azaroaren lehen astean Sader enpresaren ingurumen eraginagatik galdetuz eta Elorrietako neurketa kabinaren itzaltzeagatik itaunduz. Izan ere, aireko osagaiak aztertzen dituen Elorrietako neurgailuaren “irregulartasunak” salatu ditu Kanala elkarteak. 2011n, esaterako, PM10 baino ez zuen aztertzen kabinak. “Eusko Jaurlaritzari kabinaren funtzionamendu zuzena ziurta dezala eskatu zaio behin baino gehiagotan eta benzeno eta toluenoa bezalako osagai lurrunkorrak ere azter ditzala”. Albertoren esanetan jakina da Saderrek substantzia toxiko horiekin lan egiten duela. Baina bada gehiago, 2013an, oraindik orain, neurgailuaren inguruan ez dute erantzunik jaso, Ingurumen Sailak “ez digu jaramonik egiten”, diosku. Egun, ez Zorrotzako ez Elorrietako kabinak ez dabiltza. “Daturik gabe gaude eta bien bitartean Saderreko gasek bete-betean harrapatzen dituzte gure auzoak. Ezin arnastuzkoa da airea. Egoera honek gure susmoak areagotzen eta baieztatzen ditu; hirigunean hondakin arriskutsuen ezabaketa errazteko informazioa ezkutatzen ari dira”.

Sader lantegia Zorrotzan kokatuta dago, etxebizitzetatik 50 metrora. Albertoren ustez “ez da normala”: “Minbizia sortzen duten gaiak erretzen ditu, daudenik okerrenak”. Errauskailu funtzioa betetzen du Kanala elkartearen aburuz, nahiz enpresak berak horrelakorik ez aitortu. 2008tik dauka Ingurumen  Baimen Integratua Saderrek. “Lortzen oso zaila den baimena. Bizkaian enpresa bakarra da. Oso indartsua da Sader, oso desiratua”, dio Albertok. Eusko Jaurlaritzaren arabera Saderrek ez du aktibititate arriskutsurik burutzen, horregatik hirigunetik gutxiengo distantziarik gorde gabe trata ditzake hondakinak.

Informazioa laster San Inazioko kaleetan

Kanala auzo elkarteak San Inazioko kaleetan mahaitxoa jarri ohi du urtero gabonetako loteria saltzeko. Aurten, auzotarrekiko zuzeneko kontaktu hori probestuko dute elkartekideek Sader lantegiak sortzen duen kutsaduraren berri zabaltzeko.