Joaquiren etxeko giltzak entregatu dituzte erresistentzian aritu direnek

uriola.eus 2021ko aza. 25a, 12:46

Hala egin ezean, senar ohiak jarritako salaketagatik etxegabetu berri duten Abusuko auzotarrari etxebizitza alternatiba bat ematearen akordioa bertan behera utziko zuela esan du Etxebidek, eta horregatik erabaki dute Olatxu kaleko etxetik irtetea

Goizean goizetik iritsi da Ertzaintza Olatxu kaleko atarira, eta Batu Elkarlaguntza Taldeko kideak deituta, jende ugari bertaratu da menpekotasuna duen bere alabarekin eta bi bilobekin bizi den Abusuko auzokideari babesa adieraztera. 08:30erako zegoen deituta jendea, baina, goizeko zazpiak aldera agertu da polizia. Hori ikusita, sare sozialen bidez lehenbailehen bertaratzeko eskatu dute erresistentzia antolatzen aritu direnek.

Kalea itxi duten arren, kordoi polizialaren bestaldean lau ordu baino gehiagoz egon da jendea etxegabetzearen aurkako kontsignak eta "nik sinesten dizut" bezalakoak oihukatzen. Izan ere, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna den honetan, tratu txarrak ematen zizkion senar ohiak jarritako salaketa baten ondorioz utzi behar izan du etxea Joaquik, bere alabarekin eta bi bilobekin bizi denak.

Indarkeria matxistarekin lotura

Etxebizitzaren jabea Joaqui bera den arren, usufruktua gizonarena da, ezkonduta zeuden garaian sinatutako akordio baten ondorioz. Duela zenbait urte, gizonezkoa salatu eta berataz banandu ostean, bizkartzainarekin ibili behar izaten zen Joaqui (senarra ez baitzuten espetxean sartu), eta orain haren genero indarkeria delituak preskribatuta daude jada. Bada, gizonak, usufruktu eskubideaz baliatu nahi zuela eta, salaketa jarri zion Joaquiri 2019an. Orain arte ez du halakorik lortu, baina aurten emandako epai batek arrazoia eman zion erasotzaileari, eta gaurko ezarri zioten emakumeari kaleratze agindua. Dena den, Joaqui da oraindik ere etxebizitzaren jabea, eta gastuak (komunitatekoak eta abar) ordaintzen jarraitu beharko du.

Epaiaren berri izan zuenean, Abusuko auzo elkartearen bitartekaritzari esker harremanetan jarri ziren Joaqui eta Hego Uribeko eskualdeko Batu Elkarlaguntza Sarea, eta geroztik elkarrekin lanean aritu izan dira egoerari buelta eman nahian.

Azpimarratu behar da azken egunetan mehatxuak jaso dituela andreak, eta, horrez gain, senar ohiak ez dizkiola ordaindu seme-alaben mantenurako pentsioak. Hala, Batu Elkarlaguntza Sareko kideen susmoa da gizona Joaquiren aurka darabilen presioaren beste adibide bat dela azken hori etxetik bidaltzeko nahia.

Erresistentzia goiz osoan zehar

Abusuko bizilaguna elkarlaguntza taldeko beste bospasei kiderekin batera gotortu da etxean. Musika, bozgorailu bidez zabaldutako aldarrikapenak eta lapikoak entzuten ziren handik, baita inguruko balkoi eta leihoetatik ere.

Kanpoan euripean zeudenei dagokienez, pare bat bider tentsio uneak bizi izan dituzte ertzainekin, lehenengo ilarakoen aurka oldartu baitira. Istilu larririk ez da gertatu, hala ere. Pentsionisten mugimenduko kideak, mugimendu feministakoak, etxebizitza sindikatuetakoak nahiz auzotarrak batu dira jende multzora, besteak beste. Etxebizitza eskubidea aldarrikatu eta indarkeria matxista gaitzesteko leloak oihukatu dituzte.

Giltzak entregatzea

Batu Elkarlaguntza Sareko ordezkariek azaldu dutenez, Joaqui eta bere familia behin-behineko etxebizitza batera joango da gaur. Bertan egongo dira bi astez, eta horren ostean gizarte zerbitzuek Etxebide babespeko etxebizitza zerbitzu publikoaren bitartez emandako beste pisu batera mugituko da, Abusun bertan kokatua. 

Hain zuzen, erakundeak aukera hori atzera botatzeko "mehatxua" izan da, aipatutako sareko kideen hitzetan, azkenean etxe barruko erresistentziari amore emateko arrazoia. Izan ere, "Joaqui kalean ez geratzea" da beren lehentasuna.

Uriolak bertatik bertara jarraitu ditu gertakariak, eta zuzenean zabaldu du informazioa Twitter kontuaren bidez: