Abusura dator Argazkineta Show

uriola.eus 2022ko abe. 5a, 11:49

Auzoko argazkiak, material zaharra eta testigantzak bildu ostean, bizilagunen aurrean aurkeztuko dituzte abenduaren 13an Artzain Onaren elizan. Batutako oroitzapenen artean 1.200 artxibo inguru digitalizatu dira guztira.

Auzoko ondare historikoari lotutako material guztia urrian eta azaroan zehar Ibaizabal landan egon zen furgonetara hurbildu zirenei esker bildu dute. Bada, emaitzak abenduaren 13an, asteartea, aurkeztuko dituzte, 19:00etan hasita, Artzain Onaren elizan. Ugaitz Alegria aktorea arituko da aurkezle lanetan, eta ikuskizun dinamikoa prestatuko dute egun handirako.

Abusu auzoa zatitu eta Bilbo eta Arrigorriaga artean banatzen du Bolintxu (edo “Txikito”) errekak. Ordea, proiektu honetan, lurralde horretako hedadura osoa hartu da: Nerbioiaren ezkerreko ibaiertz osoa, Urazurrutia eta Zamakola kaleetatik Pontonbidearaino, baita Santa Isabel, Olatxu eta Ollargan ere. Horrez gain, Buia eta Seberetxeraino ere zabaldu da ekimena.

Ehun pertsona baino gehiago hurbildu ziren furgonetara, aurrez aipatu bezala, 1.200 artxibo inguruko ekarpena egin dutenak. Horietako gehienak argazkiak izan dira, baina baita digitalizatu diren bideoak, dokumentuak, prentsa zatiak edo planoak ere, eta horiek Bilboko udal artxiboetan sartu dira.

“Beste urte batzuekin alderatuta, azpimarratu behar da, oraingo honetan, emandako materiala batez ere eremu pertsonalekoa dela, oroitzapen partekatu horiei garrantzi berezia emanez”, azaldu dute udalaren Bilbao Izan ekimeneko arduradunek. Bada behin baino gehiagotan errepikatzen den gertakari bat ere: 1983ko uholdeak.

Argazkineta Showrako sarrera doakoa eta librea izango da, lekua bete arte. Ikuskizuna osorik grabatuko da eta urtarrilean online egongo da eskuragarri Bilbao Kulturaren YouTube kanalaren bidez. Gainera, otsailetik aurrera, Abusuko Udal Liburutegiak bildutako argazki-material ia guztia partekatuko du bertan instalatutako telebista baten bidez.