'Hizkuntza zapalkuntza eta erresistentzia Bilbon eta Bizkaian' hizketagai Euskal Memoriaren jardunaldietan

uriola.info 2014ko mar. 19a, 10:58

Jardunaldietako kartela
XX. mendearen zati handi batean euskararen eta herritarren hizkuntza eskubideen aurka barra-barra erabili zen bortizkeriak gure hizkuntzaren geroa kolokan jarri zuen. Baina zapalkuntzak ezin izan zuen eragotzi euskararen aldeko indarrak piztu izana. Indar horiei buruz asko dakite gaurko protagonistek; Maria Angeles Garai, Iñaki Gaminde eta Xabier Amurizak.

Dabid Anauten ‘Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria’ liburuaren aurkezpenarekin eman zaie hasiera Euskal Memoriak antolatutako jardunaldiei. Atzoko saioan, sarrera gisa Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaok hartu zuen hitza lehenik eta liburuaren egileak Dabid Anautek ondoren.

Gaur, ostera, 'hizkuntza zapalkuntza eta erresistentzia Bilbon eta Bizkaian'  jorratuko da. Hizlari Maria Angeles Garai, Bilboko gerra osteko lehenengo andereñoa, Iñaki Gaminde, EHUko irakaslea, eta Xabier Amuriza bertsolari eta idazlea arituko dira.

Hitzaldi guztiak euskaraz izango dira.

Euskararen kate hautsiak

Euskal Memoriak abenduan kaleratu zuen ‘Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria’ liburua. Bertan, fundazioak datuak eta testigantzak batu ditu, ugari, Euskal Herriko zazpi herrialdeetakoak. Elkarteak jakinarazi duenez, "1866an euskal herritar guztietatik erdiak baino gehiago euskaldunak ziren. 1996an, 130 urte geroago, %27,6". Gainbehera hori ez zen prozesu naturala izan, "hizkuntza zaharra mundu modernoaren beharretara egokitu ezina. Alderantziz, euskararen eta herritarren hizkuntza eskubideen kontrako eraso bortitzaren emaitza da".

Euskal Memoriak nabarmendu duenez, "eraso horrek hamaika aurpegi eduki ditu: debekuak, isunak, mespretxua… Une batez euskararen katea hautsi zen. Kalte handia eragin zuen zapalkuntzak, euskararen etorkizuna kinka larrian paratu arte". Baina ez zuen eta ez du helburua lortu. !Hizkuntzaren aldeko mugimendua eta kontzientzia iratzarri zen eta, oztopoak oztopo, euskarak bizirik dirau" gogoratu dute antolatzaileek.