Plaza Barri argitsuagoa

uriola.eus 2015ko mar. 25a, 13:26

Udalak hobetu egin ditu Plaza Barriko argiak. Lan horiekin, hobekuntza estetikoa ez ezik, plazako segurtasuna eta irisgarritasuna areagotzea ere lortuko da.

Zazpikaletan Udalaren lanik deigarrienetako bat Plaza Barriko estetika eta irisgarritasuna hobetzeko egin diren lanak dira. Han, goitik behera berritu da arkupetako espazioaren zoladura eta plazako argiak ere hobetu dira.

Argi berriak ipini dira plazan zehar eta sarreretan, itxura estetiko berezia emanda eta Bilboko Zazpikaletako alde horretako segurtasuna hobetuta. Karrerapetan, zoladura berriarekin batera, Cosmopilis Sistemadun 74 ekipo jarri dira, etekin eta eraginkortasun energetiko handiagorako.

Arkupetako zutabeen oinarrian punta-puntako LED teknologiako luminariak ipini dira, errendimendu handiagokoak eta gutxiago kutsatzen dutenak. 66 unitate jarri dira zoruan sartuta. Gainera, arkuetan, plaza apaintzen duten 66 unitate jarri dira, Rue de la Paix modelo klasikokoak. Itxura klasikoa gorabehera, LED teknologiakoak dira.

Euskaltzaindiko fatxada nagusian, estetika hobetzeko betiere, LED teknologiako 35 luminaria jarri dira.

Plazako bost sarreretako argiak hobetzeko, 25 LED proiektore jarri dira; hartara, plazaren estetika hobetu ez ezik, segurtasun handiagoa ere ematen dio, argitasun handiagoa egongo delako alde horretan.

463.798 euroko inbertsioa egin da hobekuntza horietan.