Indarkeria sexista

Jendetza bildu da Arriagan larunbateko sexu erasoa gaitzesteko

uriola.eus 2015ko uzt. 1a, 08:15

Atzo, arratsaldeko 20:00etan, elkarretaratzea egin zuten Arriagako plazan, larunbatean, Kale Nagusian emakume batek jasandako eraso matxista salatzeko. Jendetzak egin zuen bat Bilboko Koordinadora Feministak "Indarkeria sexistari aurre egin!" lelopean deitutako hitzorduarekin. 

29 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbat goizean Bilbon, 17 urteko emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Ustez, neskatoa alkoholaren eraginpean zegoen eta telefono mugikorra ere lapurtu zion.

Segurtasun Sailak esandakoaren arabera, larunbatean bertan, 09:00ak aldera, izan zen erasoa Kale Nagusian.

Ertzaintzak emandako bertsioaren arabera, Kale Nagusitik zebilen ertzain patruila batek gizonezkoa alkoholaren eraginpean zegoen emakumea sexualki erasotzen ikusi zuen. Era berean, mugikorra lapurtzen ziola ere ikusi ahal izan zuten.

Haiengana hurbiltzean, erasotzailea identifikatu eta atxilotu; eta anbulantzia bat eskatu zuten emakumearentzat, ospitalera eraman zezaten.

Erasotzailea Bilboko Zaintza Epaitegiko epailearen esku utzi zuten igandean bertan. Askatasun sexualaren aurkako delituari eta lapurreta falta bati aurre egin beharko die.