Adaxka kultura elkartea, Alde Zaharreko auzo bizitza indartzeko eta zabaltzeko

uriola.eus 2016ko eka. 2a, 10:05

Gaurtik aurrera kultur elkarte berri bat izango da Alde Zaharrean. Adaxka elkarteak Somera kaleko 23. zenbakian zabalduko ditu bere ateak. "Euskaldun, ezkertiar eta feministen elkargune berria" izan nahi du. Tabernaz gain, kultura eta sukalde eskaintzarekin, Zazpikaleetako "auzo bizitza indartzea eta zabaltzea" du xede. 

Tabernaz josita dagoen auzoan "erreferentziazko gune" baten beharra zegoen. Bai elkarbizitzarako bai kultur jardueretako. Eta aurrerantzean Adaxka kultur elkarteak beteko ditu funtzio horiek Alde Zaharreko hainbat auzotarren "indar potentzialari" esker. Izan ere, "auzolanetik eta elkartasunetik, auzotik eta auzoarentzat eraiki duten proiektua" da.

Somera kaleko 23. zenbakiko lokala hutsik geratu zela jakin zutenean hasi ziren Alde Zaharreko hainbat lagun batzartzen eta kultur elkartearen proiektua martxan jartzen. Berehala batu zitzaizkien adin tarte zabaleko auzotarrak boluntario gisa laguntzera. Gunea atontzera eta margotzera, esaterako. Pozik daude Adaxkako kideak jaso duten erantzunarekin.

Edatera ez ezik "gustura egotera edota eztabaidatzera" bilbotarrak gonbidatzeko, batetik, kultur jarduerak eskainiko ditu Adaxkak eta, bestetik, ostalaritza zerbitzua. Besteak beste, asteburutako menuak, enkargupeko otorduak eta errazioak. 

Lokal handia izaki, gune berezituak izango ditu. Lasai egoteko gunea -ordenagiluarekin, adibidez-, poteoan egoteko gunea -mahai altuen inguruan- eta jateko gunea -goikoa-. 

 

Bazkideak

Elkarte kultural "potente bat" sortu nahi dute. Horretarako bazkidetza bultzatzen ari da Adaxka. Ez dago kuota finkorik bazkideentzat, nork bere ahalmenaren araberako kuota finka dezake. Adaxkako kideen arteko "lotura estutzeaz" gain, "kultur jarduerak finantzatuko dira" bazkidetza sistemarekin.

Elkarteko jardueretan parte hartu eta laguntzeko aukera ere izango dute bazkideek. Horrela, jende "desberdina" egongo da egunez egun Adaxkan. 

 

@AdaxkaKE

facebook.com/adaxka