Ovidio Ferreira Martin oroitu dute Alde Zaharrean

uriola.eus 2016ko uzt. 15a, 09:05

Atzo, uztailak 14, 35 urte bete ziren, Polizia Nazionalak, Ovidio Ferreira, Bilboko egunkari banatzailea, tiroz erail zuela. Bilboko Alde Zaharreko auzokideek, bere oroimenez, lore eskaintza eta kartel informatiboak jarri zituzten, bere heriotzaren urteurrenean.

1981eko uztailaren 10ean, Bilboko Zazpi Kaleetako Barrenkale Barrena kalean, Polizia Nazionala, ustezko bi ETAkideren atzetik zihoala, beraien aurka tiroz oldartu zen. Tiroketa hartan, 29 urte zituen Ovidio Ferreira Martin, bi tiroz zauritua izan zen eta lau egunez koman egon ondoren, hilaren 14an, hil zen. Berarekin batera, 48 urte zituen Aurora auzokidea ere tiroz zauritua izan zen.

Atzo, duela 35 urte bezala, Bilboko Zazpi Kaleetako Lagunak elkarteak "salaketa berdina" egin zuen: "Nahiz eta bertsio ofizialak beste irakurketa oso ezberdin bat egin, jakina da Polizia espainola izan zela inpunitate osoz, gure bi auzokideren aurka tirokatu zuena, balen traiektoria bakarrak horrela argitu zuen, eta gaur egun oraindik ez da erailketa haren errudunik azaldu".

Ovidioren kasua "bitxia" bihurtu da elkartearen esanetan. Urteen poderioz, ahazturan egon ondoren, ETAko biktimen zerrendetan aurkitzen da egun, "Alde Zaharrean aspalditik dakigun arren, benetan, Polizia Espainolaren balek, Estatuaren inpunitateak erail zuela". Horregatik diote elkartetik, "ez dugu egunkari banatzaile gazte haren memoria zikintzen utziko".

"Oroimena, egia osoa eta justizian oinarritutako bake iraunkor bat lortzeko bidean", atzo, Ovidioren memoria gogora ekarri zuten bezala, "estatu indarkeriak eraildako guztiena ere mahaigaineratu nahiko genuke", adierazi zuten elkartekideek. Horrekin batera, "Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa konpontze bidean, indar errepresibo guztien desaktibazioa" eskatu dute, "herri honek bakerako bidea inongo injerentzia bortitz gabe egin dezan".