Errefuxiatu eta migratzaileekiko konpromisoa hezkuntza komunitatean zabaltzen

uriola.eus 2016ko abe. 19a, 09:17
Argazkiak: Ecuador Etxea

Atxuriko Mujika eskolan eta kalean eginiko tailer eta ekintzen bitartez Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak kanpaina abiatu du "arrazismoa eta xenofobiaren aurrean, errefuxiatu eta migratzaileekiko konpromisoa bultzatzeko". Bilboko eta Bizkaiko beste ikastetxe batzutara zabalduko du kanpaina plataformak. 

Jai giroan ospatu dute Pertsona Migratzaileen Mundu Eguna Mujika eskolako lagunek eta Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek joan den igandean Santa Maria kalean. 

"Gizarte solidarioagoa eraikitzeko", euskal hezkuntza komunitatea sentsibilizatzea du helburu Eskolak, migrante eta errefuxiatuarekin kanpainak. Pertsona migratzaile eta errefuxiatuen egoera ikastetxeetan lantzea da kanpainaren ardatza, ikasleek "herrialde batzuetatik besteetara milioika pertsonak babes bila egiten duten bidearen zergatiak ezagut ditzaten". 

Lehen esperientzia gisa, tailerrak egin dituzte abenduaren 7 eta 18 bitartean Mujika eskolako irakasleek, guraso elkarteak eta Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek antolatuta. Tailerrak bi zatitan banatu dituzte. Batetik, ume migratzaile eta errefuxiatuen inguruko informazioa zabaldu dute. Horretarako, bitarteko pedagogikoak erabili dituzte, Idomeniko errefuxiatuen kanpalekuko ikus-entzunezko bideo batekin eta hitzaldi batekin batera. Bestetik, eskulanak egin dituzte. Ondoren, Santa Maria kalean, eskolako horman erakusgai jartzeko.

Eguerditik aurrera eskolako ume eta guraso asko bertaratu dira eskulanak ikustera eta antolatutako festan parte hartzera, besteak beste, magia ikuskizuna adi-adi jarraitzeko. "Eskolan egiten den lana indartzea dugu helburutzat", dio plataformako ordezkari batek. Horrela, "pertsona migratzaile eta errefuxiatuekiko arrazismoa, xenofobia eta bereizketaren aurkako konpromisoa gizarteratzen dugu". 

Plataformak Mujika eskolako esperientzia beste ikastetxe eta herri batzutara zabaltzea du xede.