Mujika eskolak bihar ospatuko du bere mendeurrena

uriola.eus 2017ko mar. 23a, 11:30
Argazkia: makumamujika.blogspot.com.es

Andra Mari kaleko eskolak 100 urte bete ditu. Ostiralean, hilak 24, ospakizuna izango dute eskolako kideek. Goizean ikasleek eta irakasleek kalejira egingo dute mendeurreneko kamisetak soinean beren-beregi sortutako abestia dantzatuz. Arratsaldean gurasoek jolasak, dantza eta txokolatada antolatu dituzte, fanfarria doinu eta guzti. 

Mujika eskola 1917. urtean sortu zen. Ricardo Bastida Bilboko arkitekto ospetsuak egin zuen eraikuntza. Lorenzo de Mujika y Perea izeneko irakasle baten omenez eraiki zuten. Urte horretan Erriberako eskola-taldea, Mujika udal eskola-talde bezala izendatu zuten. Mujika jauna 1882an Bilboko ordezkari izan zen Madrilen ospatu zen Espainiar Estatuko Pedagogia Kongresuan. Bilboko maisuen dekanoa izan zen. 

Zazpi Kaleetako Mujika eskolan euskara irakasteko ekimenaren bultzatzaile Luis Eleizalde Euskaltzaindiako arduradun nagusienetariko bat izan zen. Eleizalde Bizkaiko Foru Aldundiko auzuneko eskolen arduraduna izan zen. 

Eskolak joan den mendean zehar hainbat aldaketa izan ditu. 1996-1997 ikasturtean zehar bi eskolen arteko fusioa egon zen: Mujika eskola eta Solokoetxe eskola. Horretaz aparte, ikasturte horretan Atxuri eskolako A ereduko azken gelak Mujika eskolan integratzea erabaki zuten. 

2011-2012 ikasturtean zehar eskola goitik behera berriztu zuten. Obrak iraun zuten bitartean Iruartetako eskolan egon zinen ikasleak eta irakasleak. Gaur egun instalakuntza guztiak berriztuta daude. 

 

D eredua indartuz

Eskolako komunitateak egindako lanari esker, D eredua indartuz joan da. Hori dela eta, 2017-2018 ikasturtetik aurrera, Mujika eskolak D ereduan bakarrik egingo du lan.

 

DBH Solokoetxen

Bada beste berrikuntza bat Mujikan. Datorren urtetik aurrera 6. maila amaitzen duten ikasleak Atxuriko Garcia Rivero eskolako ikasleekin batera Solokoetxe ikastetxean elkartuko dira DBH egiteko. Orain arte Bertendona institutura joaten ziren.

 

Ospakizuna

Mendeurrenaren ospakizunei “hasiera emateko eta auzoan ikustarazteko” martxoaren 24an kalejira eta jai bat antolatu dute. Goizean ikasle eta irakasleak auzoan zehar kalejira egingo dute eta arratsaldean jai bat eskola aurrean (Andra Mari kalea 2).

 

Egitaraua

10:00 - 12:00
- Mendeurrenaren aurkezpena eta pregoia
- Kalejira auzotik

16:00 - 18:00
- Mendeurreneko abestiarekin dantza
- Txokolatada
- Musika
- Jokoak
- Fanfarria

 

makumamujika.blogspot.com.es