Arrazoiak ditugulako errebeldeak gara. Bidezko merkataritza gara, eta zu? goiburua hartuta, Bilbo, Gasteiz eta Donostian bidezko merkataritzako produktuen kontsumoak gizartearen zein ingurumenaren aldetik dakartzan onurez sentsibilizatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte bihar, hilak 13.
Bidezko merkataritzako antolakundeek deialdia egin diote euskal gizarteari "desberdintasunaren aurka errebelde agertzeko". Izan ere, alternatiba komertzial honek "modu erabakigarrian laguntzen du bai justizia globalean, bai Agenda 2030 deiturikoa betetzea lortzen".
Bilbon lekuz aldatuko dira jarduerak. Areatzan egin ordez, aurten Erriberako Merkatura egingo dira, 10:00etatik 14:00etara, "ahalik eta jende gehiagorengana iristeko". Hainbat jarduera izango dira, besteak beste, sentsibilizazio eta informaziorako erakusketa bat, bidezko merkataritzako produktuen gaineko hiru tailer eta amaieran bidezko txokolate dastaketa.
Tailerretan "garrantzizko hiru gai" jorratuko dituzte: kakaoa, kotoia eta etiketak. Tailerrok aldi berekoak izango dira.
Erriberako merkatuko bezero eta bisitariei antolatzaileek gonbidapena egingo diete sare sozialetan #RebélateConCausa kanpainan parte hartzeko. Zehazki, "bidezko merkataritzaren mugimendutik mundu hobe bat lortzen nola laguntzen duten azaltzeko" eskatuko diete.
Honako hauek dira jardunaldia antolatu duten Bidezko Merkataritzaren Bilboko taldea osatzen dutenak: Adsis Fundazioa, Educo, Kidenda, Nazioarteko Elkartasuna, Oxfam Intermon, Setem Hego Haizea eta Vicente Ferrer Fundazioa.
Bidezko merkataritza eta Agenda 2030
Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna ospatzeko eguna da, baita "sistema salatzeko eguna ere", bidezko merkataritzako antolakundeen esanetan. Egungo sisteman populazioaren %1 aberastasun globalaren erdiaren baino gehiagoren jabe delako, %80k ozta-ozta aberastasun horren %6 daukanean. Posible da errealitate hori amaitzea, "beharrezko neurriak hartzen baldin badira".
Pobrezia gainditzeko helburuaz, Nazio Batuetan garapen jasangarriko helburuak (GJH) onartu ziren, xede zehatzak dituzten 17 erronka, 2030 baino lehen bete beharrekoak. Halakoetan sartzen dira elikadura-segurtasuna, lan duina, genero-berdintasuna, ekoizpen eta kontsumo jasangarriak edo ingurumenaren zaintza, beste alderdi batzuen artean. Bidezko merkataritzak, antolakunde guztiek bete beharreko bere 10 oinarrizko printzipioen bidez, "era argian laguntzen du Agenda 2030 deiturikoan ezarritako xedeak lortzen, eta, hortaz, herrien garapenean eta ingurumenaren babesean ere bai".
Espainian, 2015ean, bidezko merkataritzako kontsumoa 35 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino bi milioi euro handiagoa. Salmentetan, elikagaiak %93 dira, artisau-lanak, bestalde, %5, eta kosmetika naturalaren arlokoak, %2. Kontsumoak gora egin arren, Espainia azken postuan dago oraindik, Europako beste herrialde batzuekin konparatuta; izan ere, beste herrialde batzuetan, bidezko merkataritzan biztanleko eta urteko egiten den kontsumoa 16 aldiz handiagoa da.