Durangotik New Yorkera

Paulo Alberdi 2023ko abe. 13a, 10:42

Oraindik ez dugu gainetik kendu Durangoko Azokaren ajea, literarioa zein fisikoa, eta parrandaren biharamunari aurre egiteko erremediorik onena beste tragoxka bat jotzea dela diotenen antzera, euskal literaturaz lerro batzuk idaztea pentsatu dut. Irakurzaletasunaren festak ez dezala etenik izan Uriolan.

Abenduko testua baliatuko dut datorren urtean Klasikoen Irakurraldi Jarraitua ekimenerako hautatu dugun eleberria aurkezteko. Literaturazaleok jakingo duzue zertaz ari naizen, irakurraldia bera ere klasikoa bihurtzeko bidean delako. Hamasei edizio igaro dira jada 2008. urteko estreinakoan Axularren Guero Arriagara eraman genuenetik.

Bada, aurten Kristalezko begi bat obraz gozatu ostean, 2024an ez gara urrutira joango: Miren Agur Meaberen Lekeitio atzean utzi, eta Kirmen Uriberen Ondarroara egingo dugu jauzi. Ondarroara-edo, aukeratu dugun liburuaren izenburua Bilbao-New York-Bilbao baita, eta istorioak Atlantikoan zeharreko hegaldi bat baitu kokaleku.

BNYB Kirmen Uriberen lehen eleberria izan zen. Durangoko Azokarekin batera publikatu zuen, 2008ko abenduan, eta ordutik arrakasta handiko liburua izan da. Horren erakusgarri dira, batetik, 2009an Narratiba Sari Nazionala irabazi zuela, eta, bestetik, 14 hizkuntzatara itzuli dela (tartean georgierara edo japonierara).

Hain zuzen ere, euskal literaturaren nazioartekotzeari egin nahi diogu gorazarre 2024. urteko edizioan. Azken urteotan euskal idazle eta liburuek mundu osora jauzi egin dute, eta egun hizkuntza askotan dira irakurriak. Zerrenda luze horretan aurki ditzakegu, esaterako, Eider Rodriguez nederlanderaz, Harkaitz Cano bulgarieraz edo Katixa Agirre danieraz.

Iruditzen zaigu garai berrien ordezkari ezin hobea dugula Kirmen Uribe ondarroar-newyorktarra. Kirmen baikor ageri da gure hizkuntzaren ahalmenaz, eta sinesten du hemengo idazleak nazioarteko abangoardia literarioaren parte izan daitezkeela. Ideia hori buruan New Yorken bizitzeko apustua egin du.

Durangoko Azoka pasata, guk ere sinesten dugu euskal literaturak baduela etorkizunik. Izango da Landakon bildutako jendetzagatik, azoka osteko tragoek utzitako euforiagatik edo Kirmen gurean izateak kutsatutako baikortasunagatik. Zer inporta du! Aje guztiak halakoak balira!