Aurreikusitako gorpuen hirukoitza aurkitu dira Begoñako hilerriko indusketetan

uriola.eus 2022ko mai. 27a, 14:36

Begoñako Argia proiektuaren baitan 2926 gorpu eta lau hobi komun aurkitu dituzte Begoñako hilerrian. Bigarren faseak emango dio amaiera proiektuari eta Bilboko Udalaren 570.000 euroko dirulaguntza jaso du. Beste 2.000 gorputz aurkitzea aurreikusten du Aranzadi zientzia elkarteak.

Aurreikuspen guztiak gainditzen ari da Aranzadi Zientzia elkartea Begoñako hilerrian aurrera eramaten ari den proiektua. Bilboko Udalak bertan parke bat egitea erabaki zuen, eta horren aurretik Begoñako Argia proiektuaren barruan bertan lurperatutako gorpuen desobiratzea esleitu zion zientzia elkarteari.

2021eko urrian abiatu zen lehen fasea, eta 1.000 gorpu aurkitzea espero bazuten ere, 2.926 aurkitu dituzte. Lau hobi komun aurkitu dituzte, karlistaldien garaiko bat eta beste bat Gerra Zibilekoa, Euskadin inoiz aurkitu den handiena, 46 pertsonarekin. Beste bat izurrite baten ondoriozkoa izan daitekeena, XIX. mendearen amaierakoa, eta laugarrena, seguruenik, XIX. mendearen hasierakoa. Anartz Ormaza Aranzadiko kidearen hitzetan, "kantitate mailan eta datu mailan aurkikuntza oso garrantzitsuak" izan dira egin dituztenak. Bestalde, hobi komunak aurkitzea ez zuela espero aitortu du. 

Lehenengo fasea amaitu ostean bigarrenarekin hasiko dira. Horren berri eman dute Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak, Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak eta Arnatz Ormaza Aranzadi elkarteko kide eta Begoñako Argia proiektuaren koordinatzaileak.

Bigarren fasea

Orain arte eremuaren erdian eta pixka bat harago egin dituzte indusketak, eta geratzen zaien lurzoruan beste 2.000 gorpu aurkitzea espero dute. Hau da, hasierako aurreikuspena bozkoiztuko lukete. Bigarren atalerako bertan dauden 40 zuhaitz inguru bota beharko dituzte. Hala ere, zuhaitz nahiko berriak direnez, 90. hamarkadako erdialdekoak eta hazkunde azkarrekoak, zuhaitzen mozketak ez du aparteko arazorik ekarriko, Abaunzak azaldu duen moduan: "Ez dira espezie autoktonoak eta indusketekin hasterakoan, lehortu egingo lirateke. Palmondoa izango da mantenduko dugun bakarra, eta ostean espezie autoktono eta egokiagoekin ordezkatuko dira".

"Aurkitutako gorputzak eta aztarnak ondo ikertuko zirela bermatzeko kontratatu genuen Aranzadi", argitu du Abaunzak. 14-15 pertsona inguru ibili dira lanean antropologo eta kriminologoen artean. Eta sei unibertsitateko 60 ikasle ibili dira bertan borondatezko edota nahitaezko praktikak egiten. "Ikerketa unibertsitariorako gunea sortu nahi genuen. Praktikak egiteko campus moduko bat", azaldu zinegotziak.

Monumentua eta parkea, proiektu berean 

Proiektuarekin amaitzerakoan eta bertan aurkitutako gorpuen familiek ez badituzte erreklamatzen, Derioko hilerrira eramango dituzte guztiak, Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak argitu duen moduan: "Gorpuak erraustuko dira eta Derioko hilerrian monumentu bat egingo zaie omenaldi modura".

Monumentuaren proiektua Begoñan egingo den parkearen proiektuarekin batera joango da. Proiektua aurten amaitzea espero da, eta Asier Abaunzak azaldu duenez, parkearen esleipenarekin gainjarriko da. Guztiarekin amaitzerakoan, memoria tekniko bat egingo dute, memoria hori islatzea nahi dutelako. 

Bisita gidatuak

Bigarren fasearekin batera, bisita gidatuak bueltatuko dira. Lehenengo fasean arrakasta handia izan zuten, eta lehenengo egunean hiru hilabeteko txandak bete ziren. Horregatik, bigarren atal honetan berreskuratu nahi dituzte bisita hauek. Ekainean eta uztailean antolatuko dira, eta aurrekoan bezala, bi txanda egongo dira astean. Euskaraz eta gaztelaniaz. Litekeena da bisita bakoitzak 12 pertsona beharrean 15 hartzea.