San Frantzisko auzoko espekulazioa salatu du AZET-ek

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko eka. 1a, 09:56

Global Pantelaria funts putreak bost auzokide etxegabetu ditu asteon, eta inguruan gero eta gehiago dira etxebizitza turistikoak. Etxebizitza sindikatuaren ustez, higiezinen bitartez irabaziak areagotzeko interesgunetzat daukate auzoa jabe handiek, eta horrek komunitatea eta auzoko bizitza desagerraraztea dakarrela nabarmendu du.

Cerverus funtsak eta Santander banketxeak osatzen dute Global Pantelaria, astelehenean San Frantzisko kaleko 45. zenbakian bizi ziren bost pertsona etxegabetu zituena. AZET Etxebizitza Sindikatuak gogorarazi duenez, ez da funts putre horrek auzoan halakoak egiten dituen lehenengo aldia. “Gerrara ohitu gaitezke, baina gerra egon badago”; halaxe laburbildu zuten atzo emandako prentsaurrekoan San Frantzisko inguruan higiezinen arloan azkenaldian gertatzen ari den egoera.

“Gure auzoetatik kanpo nahi gaituzte”

San Frantziskon “klase arazoa, arrazakeria eta xenofobia” batzen direla azpimarratuta, espekulazio praktikek askotariko formak hartzen dituztela azaldu dute, patera pisuak, arrazakeria instituzionala eta funts putreek, bankuek zein turismo industriak gauzatzen duten higiezinen espekulazioa aipatuta. Auzoan “irabazi errazak metatzeko” aukera ikusi eta “klase eroso” berrientzako alokairuen prezioak handitzea egotzi diete funts putre horiei. Turismo industriaren kasuan, sindikatuko kideek igarri dute asko direla lehenago alokairuan zeuzkaten etxebizitzak turismora bideratzea erabakitzen duten jabeak, irabazi tasa handitze aldera.

Horren guztiaren eraginak langile klaseko auzokideek egunero pairatzen dituztela azaldu dute: “Kaleen militarizazioa, alokairuaren igoerak, arraza profilaren araberako identifikazioak eta, gero eta maizago, etxegabetxeak”.

Egungo auzokidean eta San Frantziskoko komunitatea osatzen dutenak “auzotik kanpo” bidali nahi dituztela eta, antolatzeko eta borrokatzeko deia zabaldu nahi izan zuen atzo AZETek: “Testuinguru honetan, borrokatzea ez da soilik betebehar moral bat. Antolatzea hil ala biziko beharrizan bat dugu”. Hala, haien jabeengandik gehiegikeriaren bat jasaten ari direnak sindikatura hurbiltzera animatu dituzte.