Larraitz Zuazo Aurrekoetxea: “Guztiz busti edo batere ez busti erabaki behar duzu”

bertonaldizkaria 2013ko ots. 6a, 12:21

Errealizazioa, post-produkzioa eta animazioa ditu lanbidetzat batik bat. Ikus-entzunezko sektorea krisian dagoenetik emakume-orkestra moduan aritzen dela aitortzen duen arren. Eskerrak amatasunak bere errendimendua handitu duen. Pozarren dago bere lagun min batekin sortu zuen Dirudi enpresak lanik falta ez duelako. Pribilegiatua sentitzen da.

Sormenarekin zerikusia duen lana egiten duzu. Zelan definitzen duzu zure burua?

Gauza asko egiten ditut. Berez ikus-entzunezkoen errealizatzaile eta bideo post-produktore naiz. Alor horietan disfrutatzen dut gehien. Proiektuaren arabera, editatu ere egiten dut, baina ez dut nire burua editore moduan ikusten.

Dirudi enpresa sortu zenuen zure lagun Eider Eibarrekin batera. Zein proiektutan sartuta zaudete?

Une honetan hainbat proiektu dauzkagu, batzuk grafismo arloan eta beste bat telebista arloan. ETBrako programa piloto bat prestatzen ari naiz produktora batekin. Nik errealizazio lanak egiten ditut. Patricia Gaztañaga izango da aurkezle eta Euskal Herriko etxe kuriosoak ezagutaraztea du helburu; bai, mapa aldatu dugu berriro, orain zazpi gara. Aldi berean bizilagunen eta herrien historia ezagutzera emango duen programa izan nahi du.

Zein da errealizatzailearen lana horrelako programa batean?

Errealizatzaile batek lehen egiten zuen gauza bat eta orain beste batzuk egiten ditu. Lehen nik egingo nukeen grabaketerara joan eta kamaralariei esan nola grabatu, hau da, programaren estiloa erabakiko nukeen bai irudi, soinu eta grafismo aldetik. Programaren estetika zuzenduko nukeen. Orain, gizon-emakume orkestra garaian sartu gara eta grabaketetara joaten gara, guk geuk grabatu, editatu eta grafismoak eransten ditugu. Lehengo hiru lanpostu orain bakar batek egiten ditu.

Zergatik gertatu da hori?

Ez dagoelako dirurik. 2004an telebistan lanean hasi nintzenetik, beherantz joan da dena. Inoiz programa bat egiteko izan dudan aurrekontu handiena nire lehen lanean izan nuen.

Lanpostuak murriztean esan izan da lehen gehiegizko plantilla zegoela enpresetan.

Ez, nire ustez lehen lan ondo egiten genuen eta orain emagalduek moduan ari gara, baldintza txarretan, beti presaka eta korrika, grabatzen dugunerako gau egiten zaigu eta txarto grabatzen dugu.

EITBren egoera ekonomiko eskasak ekoiztetxeei zelan eragin die?

Pilo bat eragin du. Guk dugun ona da ETBrentzat lan batzuk baino ez ditugula egiten, gu azpikontratatuak gara, guretzat lan iturria da. Ikusi dugu zelan ETBra mugatzen ziren produktorak osorik jausi diren. Handiak. Krisi ekonomikoa gobernu aldaketarekin batera hasi zen eta horrek ere eragin du.

Grafismo arloan zein izan da azken lana?

Gara egunkariarentzat atera dugu Katixa, katu botaduna umeei zuzendutako bilduma. Bost ipuin dira, liburu-DVDak, Peru Madalenak idatzita, Eider Eibarrek ilustratuta eta nik animaziora eramandakoa. Asteka eskuratzeko aukera izan da edota Durangoko Azokan osorik. Harrera oso ona eduki du.

Dokumentaletan espezializatu zinen eta dokumental batean lanean ari zarete.

Ez diot bide horri jarraipen handirik eman. Agian, torturen ondorioetan sakontzen zuen nire lehen dokumentala egin ostean nekatuta bukatu nuelako. Harreman handia egin genuen protagonistekin. Oso intentsoa izan zen, oso aberasgarria. Gero telebistan lanean hasi nintzen. Eta orain bai, dokumental batean ari gara. Ni errealizatzaile moduan eta Eider animazio diseinuan. Emadazu eskua du izena dokumentalak. Crowfunding bidez finantzatu nahi dugu, baina partaideok argi dugu diruarekin edo diru gabe egin egingo dugula. Elkarrizketa gehienak grabatu ditugu jada.

Zer kontatzen du dokumentalak?

Ezintasun neurologikoa duen Itsaso umea etxean eta familian edukitzeak zer suposatzen duen erakutsi nahi du. Asko begiratzen dio familiaren ikuspuntuari. Oso urrutiko gaia dela sentitzen duen jendea kontzientziatzea bilatzen du.

Dokumental politikoa oraindik orain oso kritikatua da. Sortzaileentzat mugak ez al dira desagertu?

Hainbeste kritikatzen denez dena eta hain jartzen denez fokopean egiten dena, guztiz busti edo batere ez busti erabaki behar duzu. Guk, adibidez, denetiko bezeroak ditugu, eta txarto iruditzen zaidan arren, egia da, egiten duzun horrek eragiten dio aurrerago lan gutxiago edo gehiago egiteari.

Aurrera begira norantz egingo du Dirudik?

Ikus-entzunezkoen krisia ikusita, ez datoz garai onak. Bide berriak martxan jarri nahian ari gara. Diseinu aldetik, indarra izan dezakegu telefonoetako aplikazioen munduan. Hortik bidea egiteko asmoa dugu.

 

Argazkia: Iñigo Azkona