Hemen da Bilboko Familia Lasterketaren hirugarren edizioa

uriola.eus 2014ko mai. 5a, 08:25
Gaur goizean jakinarazi dutenez, maiatzaren 18an, igandea, ospatuko dute Bilboko III. Familia Lasterketa. Ekimenaren bidez bildutako dirua Stop Sanfilipo Fundaziora bideratuko da eta aurten, ez da bakarka parte hartzeko aukerarik egongo.

Goizeko 11:30etan, Bilboko Udaleko Prentsa Aretoan egindako agerraldian ezagutzera eman dutenez, maiatzaren 18an, 11:00etan, Guggenheim Museoaren zabaldegitik abiatuko da Bilboko III. Familia Lasterketa.

Lasterketa adin guztietako pertsonei zuzenduta dago eta urten ez da bakarka parte hartzeko aukerarik egongo. 2 eta 10 partaide bitarteko taldeak onartuko dira eta hiru maila desberdinetan korritu ahal izango dute, parte hartzaileen belaunaldiaren arabera.

Lehen belaunaldiko taldea, bikoteek, anai-arrebek eta lagunek osatuko dute. Bigarren belaunaldiko taldean aldiz, guraso eta seme-alabek edota osaba-izekoak eta ilobek. Eta hirugarren belaunaldiko kategorian azkenik, aitona-amonak, gurasoak eta seme-alabak. Talde bereko partaide guztiek batera egin beharko dute korrika ibilbide osoan zehar. Aurreko edizioetan bezala, izena ematen dutenen kopurua ezin izango da 3.000 baino gehiagokoa izan.

Proba amaieran, denbora, itzuli kopuru eta kategorien araberako sailkapenak burutuko dira. Horrez gain, lasterketa amaitzen duten guztien artean hainbat bizikleta zozkatuko dira.

Izen-emateak vamosacorrer.com webgunearen bitartez egin ahal izango dira apirilaren 27 eta maiatzaren 12a bitartean, talde bakoitzeko 6 euroko kostuarekin. Bildutako diru guztia Stop Sanfilippo Fundaziora bideratuko da.

Ibilbidea

Ibilbideak Guggenheim Bilbao Museoa du abiapuntu eta Bilboko Itsas Museoraino Iritsiko da, berriro hasierako puntuan bukatuz. Itzuli batek 1,8 km-ko luzeera dauka eta gehienez 5 aldiz errepikatu daiteke, guztira 9 kilometro burutuz. Parte hartzaileek jan-edana izango dute buelta berri bati ekiten dioten bakoitzean, baita helmugara heltzen direnean ere. Irteerak kategoriaren arabera burutuko dira, mailaz maila, 3.belaunaldikoetatik hasi eta lehen belaunaldikoekin bukatuz.