Santa Marinako autobus zerbitzua bermatuta, Artxandakoa ziurtatzea helburu

uriola.eus 2014ko ira. 4a, 11:30

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren esanetan, Santa Marinako Ospitaleko erabiltzaileentzat "beharrezkoa" den zerbitzua bermatu da "eragile guztien presio eta lanari esker". Akordioa lortzeko izan duten jarrera "eredugarria" eskatu die federazioak Bilbao-Artxanda A3216 linearen aferan ere.

Bizkaibusek Bilbo hirigunea Santa Marinako Ospitalarekin lotzen duen garraio zerbitzua eskaintzen jarraituko du aurrerantzean. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak adostu berri duten akordioaren ondorio zuzenena da. Ontzat jo dute auzo elkarteetako kideek. "Auzotar, batzarkide eta erakunden arteko "presio eta lanaren konbinazioa" da akordioa. "Eredugarria", elkartekideen hitzetan: "Zerbitzu publikoak ez dira opariak, mantendu edo defendatu beharrekoak dira eragile guztien presioarekin".

Bilbao-Artxanda A3216

Bizkaiko Foru Aldundiak egin duen autobus-lineen azken esleipena kontutan hartuta, datozen hilabeteetan Bizkaibusen Bilbao-Artxanda A3216 linea desagertuko da. 400 auzotar inguru garraiobide publiko bakarraren menpe geratuko dira, funikularra, alegia. Bizilagunak ez ezik asko dira Artxandako autobusaren erabiltzaileak. Besteak beste, aisia gune, kiroldegi, hotel, jatetxe, eskola, erresidentzia, tiro eremu, Trafiko saileko egoitza eta abarren erabiltzaileak.

Autobus zerbitzua ez eteteko sinadura bilketa hasi dute jada. Artetxe hotelean, esaterako, aurki daitezke sinadura orriak. Auzo Elkarteen Federazioak eskariari babesa emateko mezua zabaldu du bilbotarren artean. "Euren autobusa jokoan dago", esan du.

PP eta EH Bilduren babesa

Irailaren 25eko Udalbatzarrera emango dute gaia PPk bai EH Bildu koalizoak. Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari Bilbao-Artxanda A3216 autobus-linea indarrean mantentzeko eskaria egin diezaiola defendatuko dute biek ala biek. Bilduren arabera, linea hori "pertsona askorentzat nahitaezkoa da bere ibilbide osoan etxebizitzak, enpresak, egoitzak, ikastetxeak, kiroldegiak eta abar daudelako, eta beraientzat garraio modu posible bakarra delako". Bertan dagoen beste garraiobideak, Artxandako Funikularrak hain zuzen ere, Bilduren aburuz "ez ditu erabiltzaileen beharrak asetzen, ez hurbiltasunagatik, ezta ordutegiengatik ere".

PPk haratago egingo du Udalbatzarrean eta, A3216 autobus-linea desagertuz gero, Udalari eskatuko dio zerbitzuaren ardura beregain har dezala Bilbobus zerbitzuaren bitartez. Gastu horri aurre egiteko 2015eko aurrekontuetatik diru poltsa bidera dadila proposatuko dute popularrek.