Xabier Monasterio: "Garaia da benetan euskararen aldeko diskriminazio positibo sendoa eta eraginkorra egiteko"

uriola.eus 2015ko urt. 16a, 14:33

'Euskararen normalizazioaren erronkak' izeneko zikloan parte hartu dute Esti Amorrortu eta Xabier Monasterio filologo eta irakasleek. Besteak beste, Bilbo moduko metropolia euskalduntzeko estrategiez mintzatu dira.

Ezkerraberri fundazioak antolatutako zikloan, Arrupe Etxean, hausnarketa ugari entzuteko aukera izan da Esti Amorrortu eta Xabier Monasterioren ahotik.

Zenbat Gara elkarteko kide Xabier Monasterio ez da "hizkuntza lanak norbanakoaren gainean oso jartzearen aldekoa". Hizkuntza sortzez eta helburuz "soziala den neurrian", erabakiak eta konponbideak "goitik" etorri behar direla uste du, egitura politikoen aldetik, hau da, "gizartearen erantzunak izan behar dira". 

Monasterioren aburuz, euskararen normalkuntzarako erronkak "asko eta askotarikoak" dira Bilbo hirian. Esparru eta eremu "gehiagotara" zabaldu behar da euskara. Aitortzen du azken 40 urtetan "toki berri askotara eraman dugula", unibertsitatera, besteak beste. Horregatik, egungo erronkak izan behar du euskararen erabilera eta praktikoatasuna "anizkoiztea", Irakaskuntzatik eta Kulturatik harago. "Zabaldu, hedatu" egin behar da euskara "gizartearen adar guzti-guztietara". 

Bilbon, testuinguru soziolinguistikoak "ez du laguntzen" euskararen normalkuntzan Esti Amorrortu Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariaren esanetan. Euskara ikasitako lagunek, esaterako, "sarerik ez dute" eta "aukera gutxi dute" hizkuntza erabiltzeko. Askotan, ikastetxea da eremu babestu bakarra eta hortik kanpo oztopoak dauzkate. Oztopoak asko izan daitekezke: gaitasun falta izatea, aldaera ondo ez ezagutzea, hiztun legetimo ez sentitzea, harremanak gaztelaniaz finkatuta edukitzea...

Gurea bezalako hiri "erdaldun oztopatzaile batean" gazte askok ez dute "inolako hausnarketarik egin" euskararen inguruan. "Hizkuntza gutxitua dela, galdu daitekeela edota euren esku ere badagoela" ez dute hausnartu. Esti Amorrorturen ustez "hor erronka handia daukagu pentsarazteko eta hausnarketa hori eginarazteko". 

 

Lehentasunak 

Toki hegemonikoei, "arnasguneei" tokia egiteko unea da Monasteriok aipatzen duenez. "Esparru elebakarrak" sortzeko, alegia. "Gezurrezko elebitasunetik" irten eta pausoak emateko. "Garaia da benetan euskararen aldeko diskriminazio positibo sendoa eta eraginkorra egiteko. Gizarteko hainbat esparru finkatu beharko lirateke, horietan euskara bakarrean bizi dadin, eta aurrera egin dezan".  

Orain arteko lanean "esperientzia positibo asko" izan dira Amorrortuk aitortu duenez. Talde eta elkarteak "lan asko" egiten ari dira. Hiztun berriei aukerak emateko "sareak trinkotzea" da gakoetako bat, eta elkarteek bultzatutako aukera positibo horietako batzuk dira, adibidez, Kafe Antzokia edota Berbalagun egitasmoa. "Oso intesgarriak" dira baita "euskaraz antolatzen diren tailerrak, hizkuntza ohiturak aldatzeko". Eskolan, "lehen harremanetan ohiturazko hizkuntza euskara izan dadin ere zerbait egin beharko litzateke", Amorrortuk dioenez, "gero ohiturak aldatzea askoz zailagoa baita". Azkenik, hizkuntzaren didaktikan, gaitasun komunikatiboari begira, hiztunei "tresnak eman" behar zaizkiela uste du "euskara batua eta tokiko aldaeraren arteko harremanean eroso eta benetako hiztun senti daitezen". 

 

[2014/11/12] Txerra Rodriguez: "Gauzak ondo eginez gero hiritar gehiagok eta egoera gehiagotan erabiliko dute euskara"