2015eko inauteriak

Kale Nagusi inguruak trafiko murrizketak izango ditu larunbatean inauteriak direla eta

uriola.eus 2015ko ots. 12a, 10:00

Inauterien ospakizkunak eta Bilboko Udaleko Batzorde Mistoak programatutako ekintzek datorren larunbatean, otsailak 14, Kale Nagusi inguruko trafikoa murriztea eragingo dute. 

Gauzak horrela, Moyua plazatik Plaza Biribilera arteko Kale Nagusiko zatia trafikorako itxita egongo da 6:00etatik 21:30etara, larunbatean. Hala ere, Urkixo zumarkalea ibilgailuak pasatzeko libre utziko da, betiere, pertsona gehiegi egoteagatik itxi behar ez bada segurtasun arrazoiak direla eta.

Kale Nagusira Puertoko Markesa eta Astarloaren kaleetatik iristeko sarbideak itxita egongo dira denbora tarte horretan, eta horietatik pasatzeko aukera bakarra garajeetara sartzeko edo irteteko izango da. Betiere, jende kopurua handiegia ez bada. Aldaketa horiek dirauten bitartean, Aiala kaleak kontrako norabidea izango du Hurtado Ametzaga kaletik sartu ahal izateko.

Era berean, ezin izango da aparkatu Puertoko Markesa, Astarloa, Ibañez de Bilbao, San Vicente eta Arbolantxa kaleetan. Zabalgune plazan, 1etik 9ra arteko atarien aurrean, aparkatzeko murrizketa berberak egongo dira, eta trafikoa 8:30etatik 20:30etara arte itxiko da, umeentzako gunea instalatzeko.

Bestetik, 19:45 eta 20:15 ordu bitartean, gutxi gorabehera, Zazpi Kaleetarako jaitsiera izango da, eta horrek, pasatu ahala, trafiko-aldaketak eragingo ditu honako ibilbidean: Plaza Biribila » Nafarroa kalea » Areatzako zubia » Bidebarrieta kalea.

Bilbobusek izango dituen aldaketak

Zirkulazio murrizketek Bilbobus zerbitzuari eragingo diote, izan ere, Moyua plazarako norabidea dituzten bidaiak Urkixo zumarkaletik eta Errekalde zumarkaletik desbideratuko dira; eta Plaza Borobilerako norabidea duten bidaiak Elkano eta Hurtado Ametzaga kaleetatik.

Halaber, Kale Nagusiko 2, 7, 8, 36 eta 37 zenbakietako eta Ayala kaleko 2 zenbakiko geralekuak kendu eta geralekuak jarriko dira, Elkano kaleko 9. zenbakiaren aurrean (Plaza Biribilerako norabidea duten bidaietarako) Urkixo Zumarkaleko 14 zenbakian/Institutua (Moyua Plazaruntz doazen bidaientzako) eta Ayala kaleko 1. zenbakian, aipatutako kalean kendutako geralekuaren aurrean. 1 "Arangoiti-Plaza Biribila" eta 10 "Elorrieta-Plaza Biribila" Lineetako ibilbide hasiera Hurtado de Amezaga 1era aldatuko dira, eta A1 'Asunción-Plaza Biribila' lineako hasiera Ayala kaleko 3. zenbakian jarriko da behin behinean.

Umeentzako Inauterietako Desfilea

Bestetik, bihar, otsailak 13 ostirala, 10:30etatik 11:30etara arte trafiko eten zehatz batzuk egingo dira Umeentzako Inauterietako Desfilea pasatu ahala. Gauzak horrela, Bilboko eskolen eta ikastolen desfilea Albia Lorategietatik abiatuko da eta Plaza Berrian bukatuko da txokolatada handi batekin. Ibilbidea ondorengo hau izango da: Albia Lorategiak» Kale Nagusia » Plaza Biribila » Nafarroa kalea » Areatza kalea » Foru kalea » Plaza Berria.