Usteak ustel

Argazkia: @Leioatik

10.000 lagun batu ginen Bilboko kaleetan inposaketei aurre egin, madrildik zetorkigun LOMCEri ezetz esan eta Euskal Herriak behar duen hezkuntza eraikitzeko asmoz. Manifestazio hori presio mekanismo indartsua izan zen. Bertan, hezkuntza mugimendua osatzen duten ikasle, hezkuntza sare ezberdinetako eragile, sindikatu eta elkarte ezberdinak egon ziren. Hezkuntzako mobilizazioa izan zen.

Honen ondotik, noraezean eta inongo hezkuntza politikarik gabe zegoen PNVren Hezkuntza Sailak egitasmo “berri” bat aurkeztu zuen: Heziberri 2020. Hasieran, behintzat, LOMCEri aurre egin eta “gure hezkuntza” defendatzeko.

Jokaldi interesgarria Jaurlaritzarena. Hezkuntza komunitateak aurreko larunbatean egindako eskaerari erantzun asmoz Heziberri egitasmoa aurkeztu. Jokaldia bai, jokaldia.

Baina, nondik dator Heziberrik daraman '2020' atzizkia? 2020 hori EU2020 estrategiatik dator. Eta zer da EU2020? Hauxe hasierako paragrafoa (gazteleraz): “Europa 2020: Una estrategia para el crecimiento inteligente pretende que Europa salga fortalecida de la crisis y convierta a la Unión Europea en una economía inteligente, sostenible e integradora, que disfrute de altos niveles de empleo, de productividad y de cohesión social”.

Hau da, Heziberri eta EU2020 (Heziberriren hasierako testuan ere hala adierazita) erabat sintonian doaz. Beraz, esan genezake Europari begirako plana dela, erabat merkantilista, ekonomiaren eta produktibitatearen mesedera, lehenengo paragrafo horretan argi adierazten den bezala. Unibertsitate estrategia berria ere horren bidean doa, EU2015.

Hau horrela, Cristina Uriartek zuzentzen duen sailak hiru urratsetan banatu zuen Heziberri 2020 proiektua: Marko pedagogikoa, curriculum dekretuak eta hezkuntza legea.

Lehengoa Euskal Curriculumak jasotzen dituen konpetentzietan du oinarria. Nahiz eta EU2020 estrategia neoliberal horrek barnebiltzen dituen irizpideak jaso, hezkuntza komunitatearen oniritzia izan zezan aipatutako konpetentzietan oinarritu zuen marko pedagogikoa.

Lehen urrats hori ez zen nahikoa izan, segidan zetozen urratsetan euskal hezkuntzaren aldeko benetako apustua egiten ez bazen. Aipatu beharra dago, gainera, langileen ordezkariak eta ikasleak lehen eztabaida prozesu horretatik at gelditu zirela. Salagarria guztiz.

Gauzak horrela, LOMCE behin onartua eta ikastetxeetan bere aplikazioa erabat errotuta, curriculum dekretuen zirriborroa kaleratu zuen Uriartek. Argi gelditu zitzaigun guztioi kaleratutako dekretu hori LOMCEren kopia hutsa izan zela. PPren eta Kristau Eskolen babesa lortu zuen. Denbora aurrera, adierazpenetan dekretuen zirriborro berria Euskal Curriculumaren sintonian joango zela adierazi bazuen ere, ustelak ustel. Kanpaina ere egin zuen Sailburuak medioetan: iritzi artikulua, elkarrizketak, filtrazioak... bazirudien, harritzekoa bada ere, PNVren sailak madrilera begiratu baino Euskal Herrira begiratuko zuela. Ez zen horrela izan. Uriartek aurkeztutako behin betiko lehen hezkuntzarako curriculum dekretua LOMCEren aplikazioa izaten jarraitzen du. Usteak ustel.

Zein aldaketa egin du, orduan, Hezkuntza Sailak? Lehenengo zirriborroak zuen LOMCEren gaineko zehaztasun osoa kendu eta erabat anbiguoa den dekretua kaleratu du. Zehaztapenik ez dago, inon. Erantzukizun osoa ikastetxeen ustezko autonomiaren itzalean utzi du. Jaurlaritzak berari dagokion erantzukizunari muzin egin eta LOMCE aplikatzeaz gain, ardura guztia ikastetxeetan utzi du. Ederra berriz ere jokaldia.

Zein da, beraz, dekretu honi egiten zaion kritika orokorra?

-LOMCEren euskal aplikazio egitera dator. Gauza mingarrienak leundu arren, finean, LOMCE aplikatzen du.
-LOMCEk markatzen dituen azterketak mantentzen dira. Titulua lortzeko LOMCEk ezartzen dituen kanpo errebalidak egin beharko dira Heziberrirekin ere, hau da, madrilen menpe dago ebaluazio sistema.
-LOMCEren ez aplikaziorako ardura ikastetxeen gain uzten du, Jaurlaritzaren eskumenak beharko luketenak alboratuz.
-Ez du ikuspegi inklusibo eta konpentsatzaile batekin ikasle guztien garapen integrala bermatzeko bitartekorik eskaintzen.
-Hezkidetzan ez da beharrezkoa den zehaztasun eta planik planteatzen. Ez da nahikoa.
-Kultur erreferentea ez da Euskal Herria eta ez du euskal kulturaren transmisioa bermatzen. Euskal Kulturaren transmisioari ez dio inolako ekarpen estrategiko eta eraginkorrik egiten.
-Ikasleria osoa euskalduntzen ez duen ereduen hizkuntz politika agortua mantentzen du.
-Konpetentzien inguruko garapen curricularra egiten badu ere ez du ezartzen horren bidez aukera berdintasunean ikuspegi inklusibo eta konpentsatzaile batekin ikasle guztien garapen integrala ziurtatzeko ebaluazio bitartekorik; ez eta hezkuntza ibilbide malgurik ere ez.

Argi ikusten da EU2020ren baitako plana izatetik harago ere, LOMCEren esentzia nabarmena dariola Heziberriri.

Baina, gauzak horrela, zer egin? Nire ustez, hezkuntza komunitatea eta maila lokaleko hezkuntza bilgune ezberdinak egiten ari direnaren ildotik, LOMCE ez aplikatzeko edozein trikimailu baliatzea dagokigu, ezinbestean. Edozein delarik ere, LOMCE gure ikastetxeetan ez aplikatzea izan behar da helburu nagusia.

Hala ere, ezertarako ez digu balioko LOMCEri edo bestelako lege inposaturi aurre egiteak benetan Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Propioa gaurdanik eraikitzeari ekiten ez badiogu. Konbentzituta nago inposaketei aurre egiteko modurik onena gure hezkuntza eredua eraikitzea dela.

Zer egin orduan Heziberriren azken fasea den legearekin? Erantzuteko galdera konplikatua da prozesuaren orain arteko ibilbidea ikusirik. Dena den, aurretik esan bezala, Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propioaren bidean urratsen bat emateko balio balezake, zergatik ez egin aurrera? Zuhur aritu beharko gara eta benetan lege horrek beharko lituzkeen baldintzak argi eta garbi azpimarratu eta borrokatu. Ezin dugu PNVk bere nahi eta interesetara legea osatu dezala permititu. Hezkuntza komunitatea izan behar da funtsezko protagonista EAEko hezkuntza legen berri baten osaketan. Nire ustetan ondorengoak dira prozesu horren gako nagusiak:

-Prozesua hezkuntza eragile eta alderdi guztien parte hartzearekin gauzatu behar da. Elkarlanean denon adostasunak bilatu beharko ditu.
-Legearen osaketak, ezinbestean, orain arte egindako lana kontutan hartu beharko du. Hezkuntza eragileen zein bestelakoen lanak aitortu eta kontutan izan beharko ditu.
-Legeak Euskal Herri osorako marko pedagogiko eta normatibo bati bidea ireki behar dio. Euskal Herria zatitutako herria izanik http://www.mecd.gob.es/redie-eurydice/Prioridades-Europeas/estrategia2020.html lege horrek itzulpen propioa izango du eremu administratibo ezberdinetan.

Gainera, marko berri horrek eztabaida nagusi hauen baitan egituratu beharko litzateke:
-Euskal Curriculuma eta honen garapena lokala.
-Ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen mantentze eta murgiltze eredua.
-Sistema inklusibo eta konpentsatzailea.
-Euskal publikotasunaren definizio berriaren inguruko eztabaida bera, bere osotasunean.
-Hezkuntza Sistema Propioa egituratzeko baliagarria izan behar da.

Hau horrela, Jaurlaritzak proposatuko duen legeak urrats horiek eman edo ez, jakinda Hezkuntza Sailetik ezer gutxi espero ez dezakegula, tentuz aritzeko unea da. Hezkuntzan ere gure bidea egiteko deia egin nahi dut. Inori edo ezeri itxaroten egon gabe Hezkuntza Sistema Propioaren bidean urratsak emateko deia egin nahi dut. Ikastetxeetan, guraso elkarteetan, ikasle antolakundeetan, sindikatuetan, herri plataformetan... toki guztiak dira egokiak bestelako hezkuntza eredu baten alde egiteko. Hezkidetza proiektuak garatuz, curriculum propioak diseinatuz, jantokiak autokudeatuz, hizkuntz proiektu sendoen aldeko apustua eginez... hamaika aukera ditugu, baliatu ditzagun guztiak!

Bide batez, gogoetarako Heziberriren inguruan kaleratu diren pare bat artikulu interesgarri ekarri nahi izan ditut hona:


LAB sindikatuarena: klik hemen
Steilas sindikatuarena: klik hemen