Ikasleek greba eta 'eztanda' egingo dute 'Arkatz gorrien martxa'-ri amaiera emateko

uriola.eus 2015ko mar. 18a, 09:33

"Bizkaia osoko martxa guztiak elkartu eta ekimen handi baten bidez", kalean, Bilboko kaleetan emango diote amaiera gaur 'Arkatz gorrien martxa'-ri Bizkaiko Ikasle Eztanda osatzen duten ikasle, asanblada eta antolakundeek "euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko" eta "klase orduetan herritik eta herriaren mesedera dauden gaiak lantzeko, baimenarekin edo gabe". Deitzaileek argi utzi dute "Bizkaiko ikasleok ez dugula errebalidarik egingo".

Arkatz Gorrien Martxari amaiera emateko grebarako deia egin dute gaur, hilak 18, Bilbon, non aurreko asteetan Bizkaia osoan zehar aldarrikatutakoa, "guztiok batera aldarrikatuko dugun". 11:30ean abiaraziko dute manifestazioa La Casillatik.

"Berriro ere beraz, ikasleak kalera aterako gara, ez dugulako LOMCE inposa diezaguten utziko. Ez dugulako gure ahotsa isilaraz dezaten utziko. Eta ez badaude prest gu entzuteko, ohiukatu egingo dugulako, beldurrik gabe, berriro ere, ez garela burumakur geratuko. Aurrean izango gaituztela eta ez dugula etsiko azkenik herrialde honetan herritik eta herriarentzako hezkuntza lortu arte. Ez gara haien beldur, badakigulako bereziki LOMCE jada gainean dugun azken hilabete hauetan, inoiz baino gehiago, gure hezkuntza propioa aldarrikatu behar dugula".

Bizkaiko Ikasle Eztanda osatzen duten ikasle, asanblada eta antolakundeek uste dute azken urte hauetan "argi utzi" dutela "ikasleok dugun posizioa" LOMCErekiko: "Eta azken txanpa honetan, non lege inposatzaile honen mamua jada gure ikastetxeetako atarietan dagoen, ezekotik baiezkora pasatzea erabaki dugu. LOMCE salatzetik, hezkuntza eredu alternatibo bat eraikitzera. Horrexegaitik eskua luzatzen dizuegu bai ikasle, irakasle, hezkuntza langile, guraso, eta baita zuzendari guztioi gurekin batera Martxan jarri zaitezen. Gurekin batera elkarlanean aritzeko lege honen alikazioa ekiditeko. LOMCE geldiarazteko era bakarra, guztiok batera elkarlanean aritzea baita. Beraz adi eta prest egon zuen eskualdeari egokitzen zaion martxa egunean parte hartzeko, eta baita hemendik aurrera ikasguneetan guztiok batera lanean aritzeko. Denon batera lortuko dugu behingoz hezkuntza herritik eta herriaren mesedera jartzea".

O26-M18 Arkatz Gorrien Martxa, komunikatua

Ia bi urte igaro dira iada Espainako estatuak, Wert ministroak proposatutako lege inposatzaile eta atzerakoi hau onartu zuela. Eta asko izan dira Euskal Herrian lege honen aurkako egindako hitzaldi, parodia, kontzentrazio eta manifestaldiak. Baina ahala ere, PPren gobernuak ez entzunarena egin eta aurrera jarraitzeko erabakia hartua zuen, beste behin ere, herriaren ahotsa isilaraziz. Ondorioz, kurtso honetan lege hau aplikatzen hasi dira hainbat lekutan eta hurrengo kurtsoan bigarren hezkuntzan aplikatuta egotea espero dute. Honetarako, hemen Euskal Herrian, hasieran aurkakotasun jarrera adierazi zuen PNVren laguntza izan dute: HEZIBERRI proiektuak, lege hau ia bere osotasunean ezartzea ahalbidetuko du.

Guzti honen aurrean, eta pasaden urtean egin genuen bezala, ikasleok martxan jartzeko beharra ikusi dugu. Gure eskubideak defendatzeko eta haserrea adierazteko. Beraz, Azaroan zehar burututako prozesu parte-hartzaile baten bidez, Errekalden masiboki adierazi genituen 5 konpromezuetara heldu ginen. 5 konpromezu LOMCEri aurre egiteko, eta era berean alternatiba bat mahai gainean jartzeko. Ondorioz, martxan jarri gara konpromezu hauek burutzeko bidean, eta horretarako, Bizkaia osoan herriz herri zabalduko den eta martxoaren 2tik 17ra luzatuko den Arkatz Gorrien Martxa egingo dugu. Honetan ikasgunez-ikasgune gure eskualdea LOMCErik gabeko eskualdea bihurtuko dugu LOMCE ez ezartzera konprometituz (errebalidak ez egitea, eduki arrotzak ez ematea...). Eta aldi berean, klase ordu alternatiboak eskaini eta ezezkoaren borrokatik, eraikitzera igaroko gara.

Ikasle Eztanda

[2015/02/17] 'Arkatz gorrien martxa' deitu du Bizkaiko Ikasle Eztandak