Korrika 19

Inoizko Korrikarik bilbotarrena

uriola.eus 2015ko mar. 30a, 12:30

Martxoaren 19an, 17:00etan abiatu zen Korrika 19 Urepeletik jai giro paregabean. 10 egunez Euskal Herriko herri eta hiriak zeharkatu ditu euskararen aldeko lasterketak eta atzo, hilaren 29, Bilbora heldu zen. Bizkaiko hiriburuan 45 kilometro egin ondoren eta hainbat auzotatik igaro eta gero, 12:30ean, Areatzan izan zuen bukaera.

Jai giroa nagusitu zen atzo Bilboko kaleetan Korrika 19ren etorrerarekin batera. Enekuritik sartu zen 07:16ean eta Areatzara heldu zen 12:30ean milaka lagunen babesarekin. Bertan, Egin, ekin eta boteretzearen aldeko mezua zabaldu zuen Lorea Agirrek.

Goizean goiz Deustun euripean zein Areatzako helmuga eguzkitsuan, "zirraragarria" eta "hunkigarria" izan ziren korrikalarien artean gehien errepikatu ziren hitzak. Eta "historikoa" Korrika lehen aldiz Deustuko Erribera, Olabeaga, San Mames edota Atxurira heldu zelako. Benetan irudi ederrak utzi zizkigun Korrikak Bilbon: umeak eta adinekoak tipi-tapa, erraldoiak eta joaldunak arin-arinka, lekukoa San Mameseko harmailan...  Amaiera borobila izan du Korrika 19k, amaiera bilbotarra.