Leire Arroyo: “Herri bateko jaiak herriko plazan izatea da zentzudunena”

uriola.eus 2015ko api. 8a, 10:20

Zapatak oraindik orain bustita ditu Leirek. Izan ere, azken urteotako Deustuko jai euritsuenak izan dira aurtengoak. Horrek izan du ondoriorik. Jende gutxiago hurbildu da gauez; egunez, ordea, aurreko urteetako kopuruei eutsi diote.

Deustuko jaiak amaitu eta gutxira jakin du jai batzordeak elektrizitate kablea lapurtu diotela. Zer gertatu da?
Kristoren atsekabea daukagu. Aurten, gainera, diru gutxiago atera dugu txosnetan eguraldia dela eta, eta kablea lapurtzea sekulako txerrikeria izan da. Duela urte batzuk inbertsio handia egin genuen kable horiek erosten, pentsa. Bai inauterietan bai jaietan, txosnak muntatzen direnetik desmuntatzen diren arte, segurtasuna jartzen dugu azken urteotan baliotsu dena zaintzeko, kablea, hain zuzen ere. Gauetan beti norbait egoten da zaintza lanetan. Kable guztiak kendu, Euskalduna zubipeko lonjan gorde eta hurrengo egunean lapurtu dizkigute. Tonto aurpegia geratu zaigu.

Lapurreta baino lehen, euria izan da aurtengo jaietako protagonista. Zein neurritan eragiten du euriak?
Deustuko jaietan oso erabakiorra da eguraldia. Eguraldi ona denean egunez ekintzak jendez beteta egoten dira eta gauez txosnak. Eguraldia txarra denean berriz eguneko ekintzek hala nola aurrera egiten dute, baina txosna gunean nabaria da askoz jende gutxiago dabilela. Hor behean euriak harrapatuz gero ez duzu non babestu. Egia da, gauez ibili den jendeak dena eman duela.

Zer nolako parte-hartzea izan da orduan?
Egunez jendea ibili da, esaterako, bazkariak egin egin dira, eta espero baino jende gehiago animatu da. Esfortzu handia egin behar da butano bonbonak, mahaiak, aulkiak... dena San Pedrotik Euskalduna zubipera eramateko eta bertan bazkaltzeko euria denean. Eta hala ere animatu da jendea. Jolasak, play-backa, umeentzako ekintzak... ez dira hain ikusgarriak izan aurten, zubipean erdi ezkutatuta egin direlako, baina aurrera atera ditugu. Txosnak hor behean daude, erdi isolatuta, eta bertan ibili den jendea aterkina eskutan ibili da. Egia esan, askoz okerragoa izan zitekeen.

Txosnetako kontsumoak eta diru sarrerek behera egiteak zein ondorio dakar?
Geroz eta zailagoa egiten zaigu jaietako egitaraua osatzea, gure muga handienetako bat dirua delako. Ezin ditugu nahi ditugun ekintzak, eta nahi beste egin, dirua dela eta. Aurreko urteko irabaziak erabiltzen ditugu hurrengo urteko inauteri, jai, udako eta neguko soltizio jaiak prestatzeko. Aurten irabaziak txikiagoak izan direnez eta argindar kablea lapurtu digutenez, datorren urterako zerbait asmatu beharko dugu.

Udalari laguntza eskatzeko une ezin aproposagoa da.
Bilboko auzo guztietako jaietan arazo bera dago. Udalak ez du ezertan laguntzen, kontrola ezartzen du eta geroz eta traba handiagoak jartzen ditu baimenak ematerakoan, adibidez. Udalak jai batzordeoi laguntzea dauka azpiegiturak erraztuz. Hori litzateke jai batzordeentzako laguntzarik baliagarriena. Bilboko auzoetako jai batzorde guztiok inbertsio oso potentea egiten dugu azpiegituretan: komunetan, eszenatokian, karpetan... Udalak berak baditu baliabide horiek eta ez baditu, guk ordaintzen dugun prezioa baino askoz merkeagoa lor dezake horien truke. Baina ez du ahaleginik egiten, ez zaio interesatzen. Eman beharreko zerbait da, gutxienekoa, gainera derrigortuta gaude azpiegitura horiek edukitzera Udalak horrela eskatzen digulako. Eszenatokiak ignifugoa izan behar duela diosku Udalak, baina ez digu baldintza hori betetzeko laguntzarik ematen. Komunak ez dizkigu ipintzen, ez merketzen. Hori da bidea; Udalak azpiegituretan laguntza emateko bidea jorratu behar dugu.

Jai batzordearen eskari historikoa da jai gunea San Pedro plazan kokatzea. Zer aldatuko luke?
Herri bateko jaiak herriko plazan izatea da zentzudunena. Ez du zentzurik jaiak herriko mutur batera eramateak, are gutxiago mutur horretan ez badago ezer. Egungo txosna gunea, Botikazarreko parkearen izkinan ez dago tabernarik ez dendarik. Done Petrin egonda bestelako bizitasuna emango lioke auzoari eta ingurukoen ekonomiari ere asko lagunduko lioke.

Berrikuntza ugari izan da aurtengo egitarauan. Zein harrera izan dute?
Sonbreru Gaua oso arrakastatsua izan zen. Hasieran jendeak bromaren bat zela pentsatzen zuen, baina benetako proposamena zela konturatzean, asko animatu dira. Oso sonbreru originalak ikusi genituen, eta barre egin genuen. Giro ona, parranda giroa zabaldu zen. Aitzakia izan zen zerbait denok batera egiteko. Hurrengo urtean beste aitzakia bat edo bi topatuko ditugu.

Deustu Tropikalak arrakasta handia izan du. Zer dela eta?
Radio Tropicaleko lagunek antolatu zuten ia guztia. Haiek kontratatu zituzten musika taldeak, eta haiek eman zieten zabalpen handia ekitaldiei. Lan horren isla jende asko hurbildu zen. Sentitzen genuen txosna gunera eta jai girora profil bereko jendea hurbiltzen dela beti, eta Deustuko beste pertsona asko, Hego Ameriketako jendea kasu, kulturalki musika tropikalzaleak direnak erakartzea izan da aurtengo gure helburua. Eta lortu dugu, txosna gunea bete egin baitzen. Kontzertuak oso onak izan ziren, eta jendeak asko eta oso ondo dantzatu zuen. Gutako batzuk lotsatzeraino.

PARE talde feministako kide ere bazara. Izan da erasorik jaietan?
Erasoak jaietan oso ohikoak dira. Ez da bortxaketarik izan, baina ziur gaude eraso gardenagoak egon direla. Saiatzen gara alarmak piztu beharreko auzoko gune ilunak identifikatzen. Aurten bideotxo bat egin dugu gune horien mapa eta alternatibak zehazten, eta whatsapp eta sare sozialen bidez zabaldu dugu informazioa deigarriagoa izateko. Egitarauaren liburuxkan ere agertu da mapa. Euskarri guzti horietan zein txosnetan eta karteletan erasorik izanez gero gurekin harremanetan jartzeko telefono zenbakia ere zabaldu dugu. Poztekoa da erasoen berririk ez jasotzea, baina erasoak egon direla ziurta dezaket.

Zein izan da aurtengo jaietako abestia?
Raphaelen Mi gran noche izan da nagusi, ez dakit oso ondo zergatik. Oso entzuna eta abestua izan da. Gatiburen Euritan dantzan abestia ere askotan entzun eta abestu dugu.

Edarien artean izan da berrikuntzarik?
Hiru txosnetan Boga garagardoa egon da lehen aldiz. Egia esan, orokorrean oso harrera ona izan du. Batzuk ezagutzen zuten eta beste askok txosnetan ezagutu dute.

Ezustekorik izan da?
Jägermeister likore alemaniarra. Modan dago eta horrelakoetan Jägermeister eta Jägermeister eskatzen du jendeak.

Jai batzordearen hurrengo erronka zein da?
Udako soltizio gaua prestatzea, eta era berean mekanismo berriak martxan jarri beharko ditugu dirua lortzeko. Horretan ideiak, indarrak eta edozein ekarpen izango da ongi-etorria. Gauden egoeran garrantzitsua da dirua lortzea.

Sonatua izan da koadrila eta konpartsen arteko ‘bideo selfie desafioa’. Zelan sortu da?
Koadrila batek asmatutako ekintza berria izan da. Poztekoa da koadrilek ekarpenak egitea, eta ez izatea beti jai batzordea proposamenak egiten dituena. Oilarrak koadrilari bururatu zitzaion ‘bideo selfie desafioa’ abiaraztea. Oso barregarria izan da. Froga bat eginez hasi ziren, eta ostean beste koadrila bat nominatu zuten beste froga bat jarriz. Leku eta ordu jakin batean dantzan edota kantan egitera desafiatzen zituzten eta, noski, froga bideoz grabatzera. Koadrilen eta konpartsen arteko desafio-katea osatu da bideo askorekin. Oso dibertigarria izan da.

Bideo bitxiak zabaldu dira hor zehar.
Batzokian La chica del batzoki kantatzen, Deustuko unibertsitatean El rey kantatzen, txosnetako barra gainean era erotikoan dantzatzen, Eroskin, barraketan... leku askotan denetik egin du jendeak. Bideo guztiak batu eta editatzea da gure asmoa. Desafioarekin koadrila eta konpartsen arteko harremana estutu dugu, elkarren aurpegiak ikusteak elkar zirikatzeko balio izan du. Lehia osasuntsua izan da. Bete-betean asmatu dugu desafioarekin.