Atzoko Athleticen eta Realaren arteko derbia baliatuta, Iñigo Cabacasen eta Aitor Zabaletaren aldeko omenaldi bateratua antolatu zuten bi zaleen senide eta lagunek. Biak omendu nahi zituzten, eta horretarako Athleticeko eta Realeko zuzendaritzekin hartu-emanetan ibili dira.
21:00ak aldera, 'Cabacas, Zabaleta beti gogoan' lelopean kalejira jendetsua abiatu zen Kirruli elkartetik Sabino Arana etorbideraino eta ondoren, partidua baino lehen, jokalariek keinu polita egin zieten Cabacas eta Zabaletari; euren aurpegia irudikatuta zuten kamisetekin zelairatu baitziren.
2012ko apirilean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuen Cabacas athleticzalea. Zabaleta, berriz, Frente Atleticoko jarraitzaileek hil zuten, 1998an, Madrilen.