Indarkeria sexista

Gizon bat atzeman dute adin txikiko emakume bati sexu eraso egitea egotzita

uriola.eus 2015ko eka. 29a, 08:45

29 urteko gizonezko bat atxilotu dute Bilbon 17 urteko emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta. Ustez, neskatoa alkoholaren eraginpean zegoen eta telefono mugikorra ere lapurtu zion.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, larunbatean, 09:00ak aldera, izan zen erasoa Kale Nagusian.

Ertzaintzak emandako bertsioaren arabera, Kale Nagusitik zebilen ertzain patruila batek gizonezkoa alkoholaren eraginpean zegoen emakumea sexualki erasotzen ikusi zuen. Era berean, mugikorra lapurtzen ziola ere ikusi ahal izan zuten.

Haiengana hurbiltzean, erasotzailea identifikatu eta atxilotu; eta anbulantzia bat eskatu zuten emakumearentzat, ospitalera eraman zezaten.

Erasotzailea Bilboko Zaintza Epaitegiko epailearen esku utzi zuten igandean bertan. Askatasun sexualaren aurkako delituari eta lapurreta falta bati aurre egin beharko die.