Bilbo errefuxiatuentzako 'babes-hiri' izateko eskakizuna egin dute Udalberrik eta Goazenek

uriola.eus 2015ko ira. 3a, 09:04

Gatazketatik ihesi ari diren errefuxiatuak hirian hartzeko aukera azter dezala eskatuko dute hurrengo Udalbatzako bilkuran.

Europar Batasuneko ekialdeko mugan dagoen jende uholdea kontutan harturik aurkeztu dituzte Udalberri eta Goazenek hainbat iradokizun.

Siria, Yemen, Eritrea edota Libiako errefuxiatuei babesa emateko “beharrezko diren neurriak” hartzeko eskakizuna luzatuko diote udal gobernuari. Bide horretatik iritsi nahi dute Bilbo asiloa eskatzen duten etorkinei ostatu emateko hirien sareko kide izatera.

Goazeneko eledun Francisco Samir Lahdouk uste du “herritarren presioa” erabilgarria izan daitekeela “gobernu batzuk ezarritako dinamika apurtzeko”.

Udalberrik iradokizun gehiago ere egingo ditu. Esaterako, CEAR Euskadi eta Gurutze Gorria bezalako elkarteekin batera lantaldea sortzea eta Udalaren edota Kutxabanken etxebizitza hutsak pertsona horiei “ahalbidetzea”.