Badoala. 40 urteren ostean agur esango digu Oskorrik. Eta, aukera eman didatenez, neuk ere neure despedidatxoa egin nahi izan diot. Kantuz, ezin zen bestela.

Horretarako, Oskorriren beraren Ostatuko neskatxaren koplak hartu eta moldaketa txikitxo batzuk eginez (azken bi koplak zeuden-zeudenean utzi ditut) beste esanahi bat eman nahi izan diet.  

Ez adiorik. Eskerrik asko, Oskorri!

 

Isildu zaigu eguna
larre ondoan asuna
zure gomuta saminagoa
gure Oskorri kutuna.

Eperra garitzan kanta
ehizeko zakurra zaunka
azken despedidari dario
nigar eta odol tanta.

Belar gainean bildotsa
haizeak leun du hotsa
lagun-urratsen zarata hitsa
esker onaren abotsa.

Ibaia dator uholde
haizea uraren golde
kanta bakoitzaren melodia
ez da ixuriko debalde.

Artoa zaigu zoritu
sagarrondoak gorritu
zu noiz itzuli itxaropena
ez zait gogotik akitu.

Euriak mardul dario
elurrak dirudi liho
nire bihotzak ez dezaizuke
sekula esan adio.

 

Oihana Bartra