Mintzalagun egitasmoa indartuago eta online

uriola.eus 2015ko urr. 21a, 12:00
Argazkia: @mintzanet

Sendotu egin dute Mintzalagun-Berbalagun egitasmoa AEK, Marama eta Euskaltzaleen Topaguneak gaur sinatu duten hitzarmenarekin. Agerraldian, M proiektua aurkeztu dute, aurrez aurreko mintzataldeetan parte hartu ezin dutenentzat, mintzapraktika online egiteko aukera ematen duen zerbitzua.

Teknologia berriek hizkuntzak praktikatzeko bide berriak zabaldu dituzte. Eta euskarak badu berea: Mintzanet. Maramara taldeak garatu duen proiektua da Mintzanet. Mintzalagunaren kontzeptuan oinarrituta, "euskara sarean praktikatzeko doako aukeraren abantailak ditu" Maramara taldeko Ritxi Lizartzak gaurko ekitaldian aipatu duenez. Izan ere, euskara online praktikatzeko "era askotako mugak" gainditzen laguntzen du: ordutegia, bakartze linguistikoa, ezintasun-egoerak, eta baliagarria da bai Euskal Herrian bai munduko beste edozein bazterretan ere.

Joserra eta Xabi euskara praktikatzen, internet bidez, Mintzaneti esker.

 

Mintzalagunak eta Berbalagunak

Aurreko ikasturtean 6.000 lagunek hartu zuten parte Mintzalagun edo Berbalagun egitasmoetan. Partaide gehienak euskara praktikatzeko beharra duten lagunak dira, eta beraiekin batera aritzen dira laguntzeko izena ematen duten euskaldunak. Kide hauen ekarpena "ezinbestekoa" dela nabarmendu dute AEK, Marama eta Euskaltzaleen Topaguneko kideek gaurko agerraldian. Horregatik, prentsaurrea baliatuz, "euskararen alde alea jarri nahi duten euskaldunei Mintzalagun egitasmoetan parte hartzeko deia" luzatu diete.

Izan ere, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaileak adierazi duenez, gero eta gehiago dira euskaraz bizitzeko izena ematen duten lagunak, eta eskariari erantzuteko laguntzaileen beharra dago. "Euskara ikasleek sarritan aipatzen dute zaila izaten dela euskaltegian ikasitakoa kalean erabiltzea". Arrazoiak asko dira: konfidantza falta, lotsa, inguru ez euskalduna, besteak beste. Eta erabili ezean, ahaztu edo galdu egiten da. Eta Mintzalagun edo Berbalagun taldeek aurrera egin dezaten ezinbestekoak dira euskaldunak, beraiek baitira euskara ikasten ari direnen bidelagunak. Hortaz, deia euskaldun horiei: "Euskara ikasten ari diren bidelariei laguntzen anima daitezela".

 

Sarea gero eta zabalagoa

Mintzalagun egitasmoak "sare euskaldunen hedapenean duen garrantzia" azpimarratu du Jasone Mendizabal Euskaltzaleon Topaguneko zuzendariak. "Harreman berriak egiten dira, tokian tokiko euskaldunak biltzen dira eta euskaltzale berriak saretzen dira herriko euskaldunen mugimenduan". Bide horretan, laguntzeko izena ematen duten kideek "asko jasotzen dute bueltan", haientzat ere "euskaraz bizitzeko aukera biderkatzen delako".

 

Bilbon

Informazioa eskatzeko edota izena emateko aukerak Bilbon:

607 530 132

www.berbalaguna.blogspot.com

berbalaguna@aek.org

facebook.com/berbalaguna.bilbo

[2015-09-23] Mintzalagunek "zurekin" hitz egin nahi dute