Soietxeko kuartel militarraren aurkako XVI. martxa egingo dute azaroaren 7an

KEM-MOC Bilboko Talde Antimilitarista 2015ko aza. 5a, 12:00

Bizkaiko zenbait taldek, tartean Butroi Bizirik Trantsizioan, Ekologistak Martxan, Kakitzat eta Bilboko Talde Antimilitaristak (KEM-MOC), deialdi berezi bat egin dute, datorren larunbatean, azaroak 7, Mungiako Soietxeko kuartel militarraren aurkako martxan parte hartzera animatuz. Aurten hogeitaseigarren aldia da protestaldi hori egiten dena.

Gaur goizeko prentsaurrekoarekin batera, talde horietako aktibista batzuk, militarrez jantzita, maniobretan ibili dira Bilboko Areatzako Teilatupetan: tankeak gidatuz, zibilen kontrako jaurtiketa-praktikak eginez, eta biztanleak 'check point' delako batekin kontrolatuz, musika militarra entzuten zen bitartean.

"Zorakeria militar" horren aurka, martxa deitzen duten taldeek "Bota kuartelie eta erein porrue" lelo klasikoaren esanahia azaldu dute: "Porruak osasungarriagoak dira, eta bonbak eta balak baino hobeto dijeritu ahal dira. Guzti horrengatik, Soietxeko kuartel militarraren aurrean porruak landatuko ditugu."

Gaur estatu Espainola "antzeztoki" duten NATOko 'Trident Juncture' "mega-maniobrek" adierazten duten bezala (non 30 Estatuk eta 36.000 soldaduk hartzen duten parte), krisiak ez du eraginik militarismoan. Hala ere, gaur egun milioika lanposturen galera, pobreziaren hazkundea eta orain arte ezagutu ez den moduko bazterketa soziala eragiten ari dela ohartarazi dute, espekulazio finantzieroak ekarri duen krisialdiagatik. Eta Estatuek egoera hori, eskubideak eta lorpen sozialak murriztu eta gizarte arloko diru sailak txikitzeko aprobetxatzen dutela salatu dute. "Gastu militarretan, ostera, ez da murrizketarik nabaritzen, lehengo mailari eutsi edo erdi ezkutuan gora egin duten gastuak baitira".

Martxa honen bidez, Gobernuak militarizazioan duen apostuari "uko egin" nahi diotela adierazi du aktibista batek; "are gehiago desberdintasuna handiagotzen duten murrizketen testuinguru honetan. Bide horretatik, populazioaren geroa bazterketa sozial eta pobrezia baino ez da”.

Taldeek prentsaurrekoa deialdi esplizitu bat eginez amaitu dute. Herritarrei Soietxeko kuarteleraino joateko gonbitea luzatu diete, bere desagerpena eskatzeko eta lur horiek kuartelaren ordez porruz landaturiko zelaiak izan daitezen.