Ikastetxetako borrokak batu eta kalera ateratzeko "ikasle greba" deitu dute gaur

uriola.eus 2015ko aza. 26a, 10:37

Bilboko Unibertsitateetako Ikasle Asanbladak (BUIA), Leioako Ikasle Mugimenduak (LIM) eta Bizkaiko Ikasle Abertzaleak gaur, azaroaren 26an, Bizkaia mailan deitu duten ikasle greban parte hartu eta ikasgelak husteko deia luzatu dute. Bilbon herrialde mailako mobilizazioa egingo dute "inposaketen aurrean gurea borrokatzen jarraitzeko bidean".

Egungo hezkuntza sistemak "ez dituela ikasleon eskubideak bermatzen" ez da gauza berria. Ikasle mugimenduak "aspalditik" salatu duen zerbait da. Horregatik LOMCE eta EU2015en inposaketen aurrean, beharrezko jotzen dute BUIAk, LIMek eta IAk "borroka hauek erdigunera ekarri, hauetan sakondu eta saretzen hastea, denok batera indar gehiagorekin kolpatuko dugulako sistema, gurea eraikitzearekin batera". Ikasleria antolatu eta kontzientea eratzea dute xede, "hezkuntza herritik eta herriarentzat izateko bidean berme bakarra baita".

Hori dela eta, "ikasle guztiei" dei egin diete gaurko egunean, azaroak 26, ikasgelak hustu eta Bilboko mobilizazioan parte hartzera. "Inposaketen aurrean gurea borrokatzen jarraitzeko bidean. Ez ditugu inposaketak onartuko eta ikasleria antolatzen jarraituko dugu", adierazi dute ikasleen erakundeek.

#A26-ko zuzeneko jarraipena

Leioatik! eta Buiaka! ikasle proiektu komunikatiboek Topaturen laguntzarekin elkarlanean egingo dute gaurko grebaren zuzeneko jarraipena.

Goizean goiz fakultateetako jardunari buruzko informazioa twitter bidez jaso ahal izango da; bai Bilboko kanpusari, bai Leioakoari buruz. Zutabeetan, Sarrikon jarraipena Leioatik!ek egingo du 11:15etik aurrera eta Buiaka!k 11:30ean hasiko den Termibusekoan. Informaziorik ez galtzeko:

Buiaka: @buiakainfo

Leioatik: @Leioatik

Topatu: @topatu_eus

#GureaBorrokatu

Irakurketa kritikoa

Hezkuntza sistemaren papera gogor kritikatu dute BUIAk, LIMek eta IAk. "Ezinbestekoa da sistema kapitalista eta patriarkarraren biziraupenerako", diote. Horrela, txiki-txikitatik "sexuaren araberako genero rolen banaketan hezten gaitu, eduki arrotzak inposatzen dizkigu, eta pedagogia ereduaren bidez, ikasle akritiko eta pasiboak izatera bideratzen gaitu, baita gure arteko lehiakortasuna sustatu ere, sistema berproduzitzeko pieza bihurtuz".

Hezkuntza sisteman aurrera egin ahala, baliabide ekonomiko faltagatik ikasketak utzi behar dituzten ikasleak "asko" direla salatu dute ikasleen erakundeek, adibidez, unibertsitate tasak ordaindu ezinagatik, "baita sistemak ezartzen dituen ikasketa erritmoei egokitu ezinda 'ikasteko balio ez duten' horiek kanporatuz". Ondorio moduan, gizarteko ezberdintasun sozialak bere horretan geratzen dira.

Euskaraz ikasteko eskubidea ere "ez du bermatzen" egungo sistemak. Ikasle euskaldunen "hizkuntza eskubideak urratzen" jarraitzen du oraindik orain ikasleek gogorarazi dutenez.

LOMCE eta EU2015en "inposaketak" sakontze bidean ari dira BUIA, LIM eta IAren arabera. Ikasleek argi aldarrikatu dute inposaketen aurrean "desobedientziaz, herritik eta herriarentzat izango den beste eredu baten eraikuntzaren alde" ekiteko beharra. "Asko gara hezigunez hezigune antolatu eta egunero borrokatzen dugunak euskara taldeetan euskaraz ikasi nahi dugula oihukatuz, talde feministetan hezkidetzaren alde, asanbladatan ikas baldintza duin batzuen alde, ikastetxeetan LOMCE desobeditzeko bidea jorratuz, unibertsitateetan ikas baldintza duinak zeintzuk diren prozesu parte hartzaile baten bidez zehaztuz... hamaika borroka daude piztuta".