20 urteko metroak 3. linea erronka

uriola.eus 2015ko aza. 11a, 09:54

Bilboko Metroak bete du sorrerako helburua, "Bizkaiko garraio publikoaren ardatz nagusi eta egituratzailea izatea". Kudeatzaileen arabera, datuek berresten dute metroaren lorpena, Bizkaian, 2014an garraio publikoan bidaiatu zuten pertsonen %52k metroan bidaiatu zuten. Gaur, piruletak eta pastelak erabiltzaileen artean banatuz gozotuko dute metroaren 20. urteurrena.

1995eko azaroaren 11n, 11:00etan, inauguratu zen Bilboko Metroa, duela 20 urte, hain zuzen ere. 20 urte hauetan, Bilboko metroak 1.352 milioi bidaia eragin ditu, eta zerbitzuko lehenengo urte osoko 31.660.119 bidaietatik 2014an 87.000.000 bidaietara pasatu da.

Eguneko errekor historikoa, 2014ko abenduaren 22an gertatu zen, San Tomas ospakizuna zela eta, 386.228 bidaia zenbatu zirenean egun bakarrean.

Metroaren ibilbidean, gaur egun, 41 geltoki daude, 14 udalerritatik pasatzen da, eta guztira 800.000 pertsona inguruko populazioari eskaintzen dio zerbitzua.

Trenbide bidez mugitzen diren bidaiarien merkatu-kuota kontutan hartuta, Metro Bilbaoren merkatu-kuota Euskadin %82koa da.

Erabiltzaileek baikorki baloratzen dute metroa. Zerbitzuaren ezaugarriek 10 puntutik 8,16ko nota lortu dute. Oso ongi horrek zerbitzuaren kalitatean erabakigarriak diren alderdiei egiten die erreferentzia, hala nola maiztasuna, segurtasuna, garbiketa edota bezeroentzako arreta. Aurreko urte bietan lortutako puntuazioa ere antzeko izan zen, alegia 7,9koa 2012an eta 8koa 2013an.

Ez da dena alabantza. Metroko erabiltzaileek 20 urteotan eskakizunak eta iradokizunak plazaratu dituzte sarri, besteak beste, bidaia txartelaren prezio garestia, ordutegi murritza, euskararen erabilera eskasa edota komun falta kritikatu dituzte. 

Langileak eta salaketak

Metroak, ibiltzen hasi zenean, 425 langile zituen. Gaur, egun, ordea, 726 pertsonak osatzen dute langileen zerrenda, eta horietatik 200 emakumeak dira eta 526 gizonak. 

Heriotzak, murrizketak eta eraso eta mehatxuak salatu dituzte, besteak beste, metroko langileek 20. urteurrenan. LAB sindikatuak gogoratu duenez, gutxienezk lau langilek bizitza galdu dute metroko obretan, eta "albisteetan ez dira agertuko". 

 

Erronka: 3. linea

Alde Zaharra eta Etxebarri lotuko dituen metroko 3. linearen lehen harria 2010eko otsailaren 10ean jarri zen eta ekitaldi hartan proiektuaren sustatzaile diren erakundeek "hitz eman zieten" Matiko, Uribarri, Otxarkoaga eta Txurdinagako bizilagunei 2013an metro zerbitzua izango zutela. "Eta segidan iritsiko zela Loiuko aireportuarekiko lotura ere". Bost urteko itxaronaldi luzea izan da, bizilagunentzako eragozpen ugarikoa. Azken berrien arabera, linea berriaren inaugurazioa 2016ko abenduan izango da. Auzo elkarteek eta EH Bildu koalizioak azken urteetan pilatu diren "atzerapen, gainkostu eta eragozpenak" salatu dituzte. 

 

Inguruan duen eragin ekonomikoa

Arlo ekonomikoari dagokionean, Metro Bilbaok BPGaren 4.000 milioi euroren baliokidea eragin ditu eraikitze eta ustiaketa aldian Euskadiko Autonomia Erkidegoan; horietatik 3.000 milioi baino zertxobait gehiago da jarduera horien eragin zuzena eta zeharkakoa, eta ia 1.000 milioi gehiago sortutako enpleguak eragindako efektuagatik etorriak. Sortutako BPGaren %88a baino gehiago, zuzenean zein zeharka, Bizkaiko lurralde historikoan izan da.

 

Hobekuntzak trenetan eta geltokietan

Duela 20 urte zerbitzua abian jarri zen 13 trenekin eta pixkana tren gehiago jarri dira lanean, 24ra heldu arte. Ondoren, 2001ean Garraio Partzuergoak beste 13 tren erosi zituen; azkenekoak 2009-2010 urteetan heldu ziren, 9 tren erosi zirenean, eta horiekin osatu genuen gaur egun ditugun 46 trenak.

Denborarekin, hobekuntzak egin dira trenetan, bezeroen erosotasuna hobetze aldera. Unitate bakoitzeko lau bagoiei bosgarrena gehitu zitzaien 22 trenetan. Horri esker, tren bakoitzaren garraio-ahalmena 570 pertsonatik 718ra gehitu zen.

www.metrobilbao.eus