Euskaldunberriak omentzea eta euren esfortzua aitortzea Poziktibityren azken ekimena

uriola.eus 2015ko aza. 16a, 11:00

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Ana Urrutiak, ETBko aurkezleak, Poziktibity proiektuaren 2015. urteko laugarren bideoa aurkeztu dute gaur Bilbon. Aurkeztu den bideo berri hau Euskararen Nazioarteko Egunari lotuta dago. Gainera, Poziktibity proiektuaren azken bideo honekin Euskadiko hainbat erakundek (tartean, Bilboko Udalak) bat egin dute.

'Poziktibity' euskararen erabilera sustatzea helburu duen proiektua da eta, dagoeneko, urtebete igaro da kontzeptua lehen aldiz zabaldu zenetik. Kontzeptu edo ideia soil bat baino, bizitza ulertzeko eta gozatzeko modu bat da Poziktibity. Urtebete honetan maiz errepikatu da Poziktibity kontzeptu bizia dela. Eta bizirik dagoena moldatu, aldatu, garatu egiten da.

Iaz pertsona ospetsuen laguntza izan zuen proiektuak Poziktibityren energia hori transmititzeko (bideoetan pertsona ezagunak agertzen ziren). Aurten ere proiektu honek bere ondoan izan ditu Poziktibityren balioak islatzen dituzten pertsona garrantzitsuak (esaterako, Ana Urrutia), baina egunerokotasuneko une arruntetan oinarritu da (bideoetako protagonistak pertsona anonimoak izan dira). Aurten, Poziktibityk ohikotasunarekin zerikusia duten kontzeptuak landu ditu.

Euskaldunberriak omentzea eta euren esfortzua aitortzea

'Berritasuna Poziktibity da' lelopean, laugarren bideoa Euskararen Nazioarteko Egunarekin zuzen-zuzenean lotuta dago eta bere azken helburua euskaldunberriak omentzea da. Hau da, bideo honek euskaldunberriek euskara ikasteko egin duten esfortzua aitortu nahi du. Azken finean, euskaldunberriak Poziktibity ere badirelako.

Gainera, Poziktibityk bidelagun berriak izango ditu oraingoan. Izan ere, olatu honekin bat egin dute HAKOBAko kide diren Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Donostiako Udala eta Gasteizko Udala. Gainera, EAEko udalerri guztiei euskaldunberriei gune bat eskaintzeko proposamena luzatu zaie: kale bat, kiroldegi bat, parke bat… euskaldun berriaren presentzia nonahi hedatzen joan dadin.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak honakoa adierazi du gaur goizean: "Hasiera-hasieratik jakin behar duzue gaurko prentsaurrekoa eta Poziktibityren olatu berria ez direla ohikoak izango. Olatu hau une berezi baterako erreserbatu dugu, errekonozimendu, aitorpen bat egin nahi dugu eta. Horregatik, gaur eta hemen, egin nahi diogu aitorpena euskaldunberriari. Gauza berriak ikasteak markatzen du askotan pertsonen bizitzaren norantza, horregatik diogu berria dena, berritasuna poziktibity dela. Aitortu beharra dugu euskarak bereganatzen dituen hiztun guztien ezinbestekotasuna. Eta gisa berean aitortu nahi dugu egin duten ahaleginaren balioa, denbora asko eskaini baitiote sinesten eta sentitzen duten zerbaiti: euskarari".

Eta jarraitu du: "Argi dago: hizkuntzak hiztunak behar ditu, edozein maila dutela ere. Eta euskaldunberrien kopurua handitzeak hori dakar zuzenean".

Patxi Baztarrikak, eskerrak eman nahi izan dizkie euskara ikastea erabaki duten guztiei: "Euskaldunberriok, eskerrik asko! Euskaldun berriak zarete, euskara berritu egiten duzue, biziberritu. Euskararen taupada zarete. Euskaldunberriok, kalea zuena da.  Horregatik da olatu honetan kalea protagonista, euskara bizirik dagoen lekua, gunea, hedabidea kalea bera baita", adierazi du.

Bukatzeko, webguneaz hitz egin du Baztarrikak: "Webgune berezi bat prestatu dugu, arestian aipatu dugun bideoaz gain, esperientziak, udalerrien ekintzak, etab. jasoko dituena: euskaldunberriakalea.eus".