Galdeketaun lehiaketaren II. edizioa martxan da, gazteek euskaraz jolas eta ikas dezaten

uriola.eus 2015ko aza. 25a, 11:15

Udalak, Notzeberri.com atari kulturalaren laguntzarekin batera, aplikazio mugikorraren formatua duen Galdeketaun lehiaketaren bigarren edizioa jarri du abian, gazteek euren mugikorretan euskaraz jardun eta jolas dezaten. 12-17 urteko Bilboko gazteei zuzendutako lehiaketa da. 

Ekimen horren bitartez, Euskara eta Hezkuntza Sailak euskarazko tresnak baliatu nahi ditu adin-tarte horretako gazteekin, euskara hizkuntza ludiko moduan eta jakintzarako erabil dezaten.

Bilbori eta Bizkaiari buruzko test motako (galdera eta erantzuna) ausazko zenbait itaunek osatzen dute lehiaketa, eta bertan kultura, kirola, artea, geografia, Bilbo bera eta Athletic-en inguruko galderak izango dira, besteak beste. Parte-hartzaileak ahalik eta punturik gehien lortu behar ditu. Zenbat-nahi aldiz olgetako aukera ematen du hilabete bi iraungo duen lehiaketak, azaroaren 25etik urtarrilaren 25era. Puntuazio altuena lortzen duena sarituko da, baina horrez gain, bestelako  sariak ere zozkatuko dira bertan parte hartzeagatik eta baita lehenengo hamarren artean geratzeagatik ere. Hortaz, edonor izan daiteke saridun.

Zelan parte hartu

Jokoa 'Google Play Store' aplikazio-dendatik jaitsi ahal izango da dohainik. Lehiatzen hasi aurretik, parte-hartzaileek erabiltzaile izena, telefonoa eta adina bakarrik adierazi behar dituzte erregistratzeko. Telefono-zenbakia izenari lotua izango da, eta hortaz, ezingo dute jolastu erabiltzaile batek baino gehiagok telefono-zenbaki berberarekin.

Aurten, galdera berri dezente jarri dira, eta laugarren erantzuna gehitu zaie. Aurten ere, dena modu aleatorioan ikusiko da, bai eta erantzunak ere.

Jolasak entretenimendua sustatzen du, eta nahi beste aldiz jolas daiteke, euskal kultura irakasteko eta ikasteko.

Joan den urtean, ia ehun jokalari ibili ziren norgehiagoka interesgarri honetan, baina harrigarriagoa da 4000 bider baino gehiago jolastu zutela. Datu pozgarri horrek adierazten du euskara jokorako hizkuntza erraz eta normala dela parte-hartzaileentzat, eta era berean, APP hau oso erakargarri bilakatu dela.

Lehiaketari buruzko informazioa guztia eta APP-a deskargatzeko esteka www.galdeketaun.biz  webgunean aurkitu daiteke.