Brindisa 43 preso politiko bilbotarren etxeratzea eskatzeko

uriola.eus 2015ko abe. 22a, 16:23

Etxerat elkarteak deialdia luzatu die bilbotarrei abenduaren 30ean. Bilboko preso eta iheslarien senideekin batera, urteko azken brindisa partekatzeko deia, "Euskal presoak Euskal Herrian egon behar direla aldarrikapenari bide emateko". 

Bilboko preso politikoek bizi duten egoera salatuko dute abenduaren 30eko arratsaldean Plaza Biribilean. Baita egoera hori "modu zuzenean" pairatzen duten senide eta lagunen egoera ere. Ekimenak "berotasuna eta sustengua adieraztea" du xede. Jone Artola bozeramaleak aurreratu duenez, "brindisa egingo dugu eta bide batez urteari amaiera emango diogu". 

43 dira egun Frantziako eta Espainiako estatuetan sakabanatuta dauden preso bilbotarrak. Dispertsio politikaren "argazki krudela hauxe da", adierazi du Jone Artolak. Horietatik batere ez dago Euskal Herriko espetxeetan. Frantziako espetxeetan 9 bilbotar daude preso, jaioterritik 1.000 kilometro ingurura. Espainiar Estatuan dauden 34 presoak ikusteko ere "euren senideek ehunka eta milaka kilometro egin behar dituzte astebururo".

"Bereziki larria da" Harriet Iragi eta Arantza Zulueta bilbotarrek bizi duten egoera Etxeratek behin baino gehiagotan adierazi duenez. "Milaka kilometrora dispertsatuak egoteaz gain, urteak daramatzate isolamendu egoeran, baldintza oso gogorretan". 

 

Egoera errotik aldatzeko herritar guztien ekarpena

Abenduaren 30eko ekimenaren bitartez "euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespen politika kriminalak, dispertsio politika ankerrarekin batera, senideak erruleta errusiarrera kondenatzen dituela" salatu nahi du Etxerat elkarteak. Egoera hori "errotik aldatu behar da", Artolaren esanetan, eta horretarako "herritar guztien ekarpena ezinbestekotzat" jo du. 

 

[2015-05-08] Zulueta eta Iragi presoei ezarritako isolamendua salatuko dute Alde Zaharreko auzotarrek