Espainiako Auzitegi Nazionalak astelehenean eman zuen Títeres desde abajo konpainiako titiriteroak espetxeratzeko agindua, Madrilen egindako antzezlan batean terrorismoa goratzea egotzita. Egun hauetan espainiar estatu osoan elkartasun keinuak ikusi dira eta Bilbok ere bere elkartasun hautua egin nahi izan du. Nahiz eta fiskaltzak euren kontrako karguak mantendu, erenegun geratu ziren aske Granadako bi sortzaileak.
Elkartasun ekimena antolatu asmoz hainbat eragilek asanblada 'express' bat egin zuten asteazkenean Zirika kultur gunean. Bilboko sortzaileak batu ziren elkarteetako ordezkariekin batera, gaur egingo den kontzentraziorako deia zehazteko.