Errefuxiatuentzat "igarobide ziurrak" aldarrikatuko dituzte bihar Europa osoan, baita Bilbon ere

uriola.eus 2016ko ots. 26a, 09:55

Iheslari eta etorkinen eskubideen aldeko martxak antolatu dituzte Europako 100 bat hiritan bihar eguerdian. Bilbon ere bat egin dute gizarte eragileek deialdia egin eta jendartea mobilizatzeko. "Mugen, arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako konpromisoa" adierazteko eta tokian tokiko agintariak eta Europa mailakoak presionatzeko.  

'Ongi etorri errefuxiatuak' izeneko ekimena Bizkaia mailako 100 eragile baino gehiagok babestu dute. Larunbatean, hilak 27, eguerdiarekin bat, Arriaga plazatik hasiko den martxan parte hartuko dute, Europa mailako hiri askotan egingo duten bezalaxe. 

Plataforma antolatzaileak atzo egin zuen prentsaurrekoan adierazi bezala, jende asko espero dute biharko manifestaldirako. Manifestuan agertzen den informazioa gogoratu eta deialdia luzatu zuten.  

Batetik, ihesean Europa mendebalderantz migratzen ari diren milaka lagun horiei "ongietorria" eman nahi diete eta, bestetik, lagun horien segurtasuna bermatzeko neurriak har ditzatela eskatuko diete erakundeetako ordezkariei. "Igarobide ziurrak" ezar ditzatela. Besteak beste, Europaranzko bidaian adin txikiko 10.000 ume desagertu direlako eta emakumeek sexu bortxan erortzeko dituzten aukerak izugarri handiak direlako. 

Politikari eta agintariei mezu argia helarazi nahi diete. Begirunea eta errespetua, eskatzen diete, jarrera aldaketa, batik bat. "Pertsona errefuxiatuen aurkako hitzaldi, neurri eta jarrera iraingarri arrazista eta xenofobo gehiagorik ez". Baita gehiago ere. Neurri zehatzak eta "premiazkoak". 

 

Europar Batasunari eskaerak

• Gerrak, liskarrak eta bortxa ez sustatzea.

• Liskar bortitz eta esetsaldietatik iheska dabiltzan pertsonei bide seguruak eta legezkoak irekitzea.

• Mediterrenoan eta Egeoan heriotza gehiagorik gerta ez dadin, baliabide aski izango dituen itsas salbamendu lan eraginkorra abian jartzea.

• Desagertutako haurrak berriz ere aurkitzeko ahalegin guztiak, erakundeenak eta gizarte zibilarenak, koordinatzea.

• Konpainiarik gabeko umeek familiarekin batzeko duten eskubidea modu eraginkorrean babestea.

• Pertsonen trafikoen sareen kontrako neurri indartsuak abian jartzea.

• Pertsonen sexu bortxa bultzatzen duten sareen aurka hartan jakitun diren erakundeekin era kordinatuan borroka egitea.

 

Espainiako Estatuari eskaerak

• Jatorrizko nahiz igarotze herrialdeetako kontsuletxe eta enbaxadetan babes politikoa eskatzeko aukera ematea.

• Babes eskubidearen unibertsaltasuna onartzea eta nahi duten guztiei horretarako bide ematea, alde batera uztirik haien herrialde eta jatorria.

• Kokatze eta finkatze programak abiarazi eta indartzea.

• Errefuxiatuei laguntza ematen dieten erakunde eta pertsonen babesa bermatzea.

• Konprometitutako onartze prozeduren tramitazioa arintzea.

• Hego aldeko mugan dauden iheslarien egile eskubideak errespetatzea.

• Larritasun handira eraman gaitzaketen kontakizun eta diskurtso xenofoboei aurre egitea.

 

Eusko Jaurlaritzari eskaerak

• Espainiako gobernuari presioa egitea lehenbailehen abian jar ditzan Europan onartutako konpromisoak.

• Euskadira iristen diren iheslari guztiek zerbitzu eta baliabide publikoak izatea, haien jatorria eta hemen sartzeko erabili duten bidea alde batera utzirik.

• Bizikidetza sustatzea eta osotasunezko harrera bultzatzea, egiazko babes hiriak indartuz.

Manifestua eta atxikimenduak

100etik gora dira 'Ongi Etorri Errefuxiatuak–Bizkaia' ekimenak sustaturiko manifestuari eta larunbateko deialdiari atxikimendua adierazi dioten erakunde eta kolektiboak. 

bizkaia.ongietorrierrefuxiatuak.info/eu/manifiesto

bizkaia.ongietorrierrefuxiatuak.info/adhesiones

@errefuxiatuakB