Hau horrela izanda zapalkuntza hirukoitza jasaten dugun ikasle orok badugu zeresana gaur, badugu aski dela esateko eguna, badugu gure hezkuntza hezkidetzailea aldarrikatzeko beta, hau izango baitda herri feminista baten oinarri. Nazkatuta gaude, bai, aski da patriarkatuaren menpe eta kapitalismoak birproduzitzen dituen rol segregatzaileetan oinarrituriko hezkuntza jasotzera behartuta egoteaz. Alternatiba hitza etengabe entzuten ari garen garai hauetan, eraikitzen hasi behar garela esaten ahoa betetzen zaigun garai hauetan, guk hezkidetzaren aldeko hautua egin dugu.
Hezigunez hezigune feminismoa oinarri duen eta feminismotik soilik eraiki daitekeen eskola aldarrikatuko dugu. Ikasle gara eta hezkuntzak egingo gaitu herri, hezkidetzak egingo gaitu aske eta patriarkatuaren atzapar beldurgarrietatik ihes egiteak egingo gaitu burujabe.
Emakume gara, edo gizon gara, edo biak gara, edo bata ez bestea gara. Baina garena garela ere nazkatuta gaude liburuetan gizonen izenak bakarrik ikusteaz, nazkatuta emakume zapalduen izenak bakarrik ezagutzeaz, nazkatuta erreferente diren guzti horiek maskulinitatearen eredu izateaz, nazkatuta patriarkatuaz eta nazkatuta feministak garela aldarrikatzeko egun zehatzak behar izaten jarraitzeaz.
Egunero erasotzen gaituzte hitzez, keinuz eta begiradaz. Egunero zapaltzen gaituzte. Egunero mespretxatzen gaituzte. Eta, gainera, egunero gogorarazten digute genero ahula garela, azpian gaudela eta zapalduak garela. Horrek, ordea, amorrua ematen digu, haserrearazten gaitu eta horrek ematen digu autodefentsarako indarra, ahalduntzeko indarra eta inoiz baino ozenago eta indartsuago feministak garela harro erakusteko bultzada. Argi ibili daitezela, ez baigara geldituko hezkuntza eta gizarte eredu hezkidetzailea eta feminista lortu arte; eta, bitartean, zeresana ematen jarraituko dugu ez baidugu ezezkorik onartuko: iraultza feminista izango da (edo ez da izango).
Gaurkoan nazka guzti hau hartu dugu, eta atzera begiratu gabe, honarte heltzeko egindako bidea oinarri, arazoa errotik astintzea erabaki dugu zalantzarako tarterik utzi gabe. Aurrera goaz, euskal eskola feminista eraikiko dugu, hezkuntza hetero-patriarkal zapaltzailea suntsituko dugu eta horretarako tresnak sortuko ditugu, egunez egun eta ikasturtez ikasturte gure presentzia bermatuz, aztarna utziz eta inoiz baino ozenago oihukatuz hau ez dela gure hezkuntza eredua.
Gora borroka feminista!