Kapitalismoak, gizakiaren eta naturaren arteko marra gorria jada zeharkatu du, eta zalantzak ditut horrek atzera bueltatzerik baduen, ikusirik klima aldaketarekiko Parisko klima gailurraren ahulezia eta boteretsuen aldetiko ezaxola. Eta baita, ezkerreko alderdi zein sindikatuen ezintasunak, ikusirik zein parametroetan mugitzen garen egoerari aurre egiterakoan: esate baterako, produkzio mota eta kopurua dena delarik, lana mantentzearen truk ez jaistea dugu helburu, kontuan hartu gabe horrek zer ekarriko digun hemendik gutxira. Eta berriro, ate joka dugun krisiari nola hartu aurrea ez dugu eztabaidatu ere. Eta ez, teorian alternatibarik ez dagoelako, gure ahuleziagatik alternatiba horietan sinestea zaila egiten zaigulako, baizik.
Bestaldetik, mundu ustiaketatik eta botere banaketatik sortzen diren gerra lokalak eremu eskualde bati mugatuak omen, geroz eta kontrolagaitzak eta ulergaitzak zaizkigu. Eta ulergaitza ere, errefuxiatuen inguruan gertatzen ari dena. Izan ere, lotsagarria, bidegabekeria, halako mila kexu entzuten dugu egunero gertatzen ari denaz, baita mandatarien ahotik. Baina egunetik egunera, arazoa geroz eta larriagoa da, giza-hondamendira hurbiltzen dena. Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiaren omenez Lluís Llachek sorturiko Campanades a morts entzuten ari naiz lerro hauek idazten ari naizela, eta nire irudimenean Balkanetan eraikitzen ari diren hesi eta txantxarren aurrean desesperaturik daudenek entzuten ari direla ikusten ditut, beren hiletarako ereserki gisa egina balitz bezala.
Bai Europako mandatariak eta zenbait estatu buru, doilor zuri ustelak dira. Garbi dut ezin dela parean jarri estatu buruek eta Europako Batasunaren buruek eta herritar arruntak, hala ere zen zaila eta mingarria egiten zait gogoratzea duela ez denbora asko horietako askok eta askok eginahaletan ibili zirela beren herritik alde egiteko errepresioaren ihes, bizimodu duin baten eske. Adina dugunok behintzat, gogoratzen dugu hungariarrak, errumaniarrak, eta bar, estalinismoaren atzaparretik ihes nahian Austria eta Alemaniaren mugak zeharkatzen. Edo Balkanetako garbiketa etnikotik burua salbatu nahian (SOS Balkanak gogoratzen?) gurera etorritakoak. Eta orain, zer? Hain urria da gure oroimena jada ez dugula gogoratzen gu ere horrela ibili ginela duela ez denbora asko? Nik ez ditut inoiz ahaztuko erbeste behartuan ginela gure egoeraz arduratu ziren boluntario haiek. Damu naiz ez naizela haien pareko.
Eta azkenik, ezin ahaztu, ur arre nahasietan hazten dira indar arreak, alegia faxistak. Beldurgarria Europak ezagutzen duen hazkundea, batez ere, etorkin gehien dauden eremuetan.
Dena den, zailtasunak zailtasun, arrazoiaren ezkortasuna borondatearen baikortasunarekin kontra balantza egin daitekeela sinetsita nagoelako, nola edo hala egoera honi aurre egin behar diogula da nire aldarria.