Elkarretaratzea eta manifestazioa deitu dituzte Iñigo Cabacasen heriotzaren 4. urteurrenean

uriola.eus 2016ko mar. 16a, 10:36

Iñigo Cabacas hil zela lau urte beteko dira apirilaren 9an. Urtero legez, bere senide eta lagunek elkarretaratzea antolatu dute Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen Indautxuko kalezuloan. Hurrengo egunean, manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu dute.

Lau urteren ondoren "galdera asko erantzun gabe" daudela adierazi dute Iñigo Gogoan plataformako kideek, eta "justizia" eske jarraitzen dutela azpimarratu dute. Izan ere, Cabacas kasua instrukzio fasean dago oraindik, ekainean Bilboko 10. Instrukzio Auzitegiko Ana Torres epaileak hartuko duen erabakiaren zain. "Epaiketa egingo den edo ez den egingo", hain zuzen ere. Azken aukera hori "jendeak ez luke ulertuko, batik bat Manuk eta Finak, Iñigoren gurasoek", adierazi du plataformako eledun David Gonzalezek. 


Bi ekimen

Horregatik, aurtengoan, bi ekimen antolatu dituzte. Batetik, ohikoa, Indautxun, Kirruli elkarteko plazan apirilaren 9an, larunbata, 12:30ean egingo dutena. Bestetik, manifestazioa, hurrengo egunean, apirilaren 10ean, igandea, 17:30ean Justizia Jauregitik abiatuko dena.  

 


Kezka epailearen erabakiagatik
 

Cabacasen senideek eta lagunek osatzen duten plataformak kezka agertu du komunikabideen aurrean. Egun, bost agente eta arduradun bat "bakarrik" inputatuta daudelako eta instrukzioa Iñigo jo zuen pilota jaurti zuen agentea identifikatzera "mugatu" delako.

Halako instrukzio luzearen ondoren, inputazio "gutxi" direla irizten dio, eta alde batera uzten dituela operazioko buruak eta arduradun politikoak. "Uste dugu ez dela horretara soilik mugatu behar, badirela operazioa prestatu eta gidatu zuten arduradunak, tiro egitea agindu zutenak, eta ankerkeriarekin jokatzea agindu zutenak. Guzti horrek izan zituen ondorioak denok ezagutzen ditugu. Eta hori ere epaitu behar da".  Plataformak gogorarazi du "lehen egunetik" eskatu duela "erantzukizun politikoa ere". Erantzule politikoak, baina, "zigor gabe irtengo dira", esan du David Gonzalezek.

 

Justizia eske eta polizia ereduaren aldaketa eske

Iñigo Gogoan herri ekimena osatzen duten lagunak lanean jarraitzeko prest agertu dira. "Iñigorentzat justizia eskatzen jarraituko dugu, Ertzaintzaren baitan aldaketa eraginkor eta errealak aldarrikatzen, gomazko balen debekatua exijituz eta beste jaurtigai batzuengatik ordezkatzeko exijituz. Finean, beste polizia eredu baten gaineko eztabaida erreala eman dadila eskatzen jarraituko dugu".

 

[2016-03-01] Iñigo Gogoan: "Lau urte eta ez dago epaiketarik, eta baliteke ez egotea"

[2016-02-29] "Injustizia egoera lazgarria" salatuko dute Cabacasen senide eta lagunek

[2016-02-22] Cabacas hil zuen operatiboko buruak hildakoaren familiari 777.000 euro eskatu dizkio

[2016-02-10] Cabacas auzian beste ertzain bat inputatu du epaileak

[2015/06/26] Aresen izendapena Memoriaren Institutuan "ilogikoa" eta "mingarria" da Cabacasen hurkoentzat

[2015/06/17] 'Ugartekok' hiru urteren ostean deklaratzea "ulertezina" eta "lazgarria" da Iñigo Cabacasen lagun eta senideentzat

[2015/06/16] Cabacas kasuaren baitan 'Ugartekok' lekuko gisa deklaratuko du bihar Cabacas kasuaren baitan 'Ugartekok' lekuko gisa deklaratuko du bihar

[2015/04/09] Iñigo Cabacas, 1.095 egun erantzukizunak argitu gabe

[2015/03/24] Udalak Iñigo Cabacas omenduko du ostiralean

[2015/02/12] "Hiru urte eta gero beharrezkoa da honekin bukatzea; gurasoengatik eta Iñigogatik"