Free Bilbo, sakeleko telefonoetarako aplikazio berria jada eskura

uriola.eus 2016ko mar. 17a, 13:07

Zirikatzen! Deustuko formakuntza eta komunikaziorako eragileak azken urtean landutako aplikazioa aurkeztu du “turismo komertzialaren alternatiba gisa”.

Zirika Errondako herri gunean egindako prentsaurrekoan Zirikatzen! taldeko kideek bi gonbidatu izan dituzte ondoan. Alde batetik, Hiridunak taldeko Zuriñe Bergoak ‘Feminismotik hiriari begirada bat’ gaia jorratu du gaur egungo Bilbo hiriaren analisia egiteko. Bestetik, Klaus Armbruster Baskale elkarteko kideak turismo ereduak xehetu ditu. Bi hitzaldi laburren ostean, gazteek aplikazioaren erabilpena argitu dute nondik norakoak entzuleei azalduz.

Free Bilbo! aplikazioa jada eskura dago Google Play Store delakoan, Android mugikorretarako.

Bi ibilbideren proposamena eskaintzeaz gain, 37 puntu aukeratu dituzte kolektiboko kideek turista zein Bilbokoak diren interesatuentzat.

Aurkezpenean Iker Aroztegi kolektiboko kideak aplikazioaren ideia Bilbo hirian “Udalak eskaintzen duen turismoaren alternatiba gisa” sortua izan dela argitu du. Hortik tiraka, ohartu ziren turistek Bilbo bisitatu ostean eramaten duten ideia ez zutela gustuko, eta eurek eskaini nahi zuten alternatiba horren falta ikusirik, sakeleko telefonoetan landu ahal zen aplikazioa sortzea erabaki zuten, gida alternatibo gisa. Aplikazioa Bilbo bisitatzen datorren jendeari ez ezik “Bilbon bertan bizi den edozein hiritarrei” zuzenduta dago.

Aplikazioa zelan erabili jakin nahi duenarentzat bideo bat aurkeztu dute.

Zirikatzen!

12 urte inguru bete dituen Zirikatzen! Deustuko kolektiboak hainbat lan egin ditu denbora luzean, gai ezberdinak tratatuz, tartean fanzine informatibo anitz kaleratu ditu. Bestalde, aipatzekoa da Ibaizabal telebistarekin Herrialde Berdea deituriko dokumentalaren ekoizpena, bertan, 1972an Guardia Zibilak eraildako Jon Andoni Aranguren Iharra eta 1991ean lehergailu batek eztanda eginda hil zen Jabier Goitia Kabi-ren ibilbidea batu zituzten. ETAko militanteak ziren biak, bi belaunalditakoak, eta Herrialde Berdea-n istorio bakar bat osatu zen.