Poeta ezberdinek parte hartuko dute Blas de Oteroren jaiotzaren mendeurreneko literatur topaketetan

uriola.eus 2016ko mai. 30a, 09:19

Joan den martxoaren 15ean 100 urte bete ziren Blas de Otero poeta, 50eko hamarkadako gizarte poesiaren ahots garrantzitsuena eta gaztelaniaz idatzitako literatura garaikideak eman duen egile azpimarragarrienetakoa, Bilbon jaio zela (1916-1979). Urteurren hori dela eta, Udalak, bere izena daraman eta bere legatua zaintzen duen fundazioarekin lankidetzan, zenbait jarduera antolatu ditu. 

Ospakizuneko programazio horrek bihartik, maiatzaren 31tik ekainaren 4ra, izango du jarraipena, Bidebarrietako liburutegian, Blas de Oteroren figuraren inguruan, une honetako poeta garrantzitsuenetako hainbat elkartuko dituzten literatur topaketen bitartez. Horien artean egongo dira, besteak beste, Pere Gimferrer, Antonio Martinez Sarrion, Antonio Colinas –Poesia Iberoamerikarreko Reina Sofia Saria 2016–, Manuel Rivas, Elena Medel, Andres Neuman argentinarra, edo Paco Ibañez kantautorea.

'Ehun urte Blas de Oterorekin 1916 – 2016' topaketak aurreko astean aurkeztu ziren udaletxean, eta bertan egon ziren Nekane Alonso Udaleko Kultura Zinegotzia –eta Blas de Otero Fundazioaren patronatuko kidea–, Jose Fernandez de la Sota idazlea eta Sabina de la Cruz Blas de Otero Fundazioko Presidentea eta poetaren alarguna.

Literatur jardunaldiak gaur zabalduko dira, arratsaldeko 19:30ean, Jose Fernandez de la Sotaren –Euskadi Literatur Saria 1988an eta 2010ean– zuzendaritza eta gidoia dituen eta hari gidaria, Oteroren adiskide handia izan zen eta Kuban egin zuen egonaldian berarekin egon zen Caballero Bonald (Jerez de la Frontera, 1926) poeta andaluziarrarekin, 2013ko Cervantes Saridunarekin, izandako solasaldia duen film labur dokumentalaren proiekzioarekin. Horrela, solasaldiaren 35 minutuetan, Blas de Oterorekin izan zuen harremanaren esperientzia pertsonalaren eta bizitzakoaren zenbait alderdi garrantzitsu aipatu eta Oteroren legatuarekin lotutako beste gai batzuen berri emango du Bonaldek.

Inaugurazioko saio horretan parte hartuko dute, baita ere, beste batzuen artean, Sabina de la Cruzek eta Mario Hernandezek, Blas de Otero Fundazioko patroi eta poetaren lana ondoen ezagutzen duen pertsonetako bat, poetaren alargunarekin aritu baitzen, duela hiru urte, Blas de Oteroren Obra Completa lanaren (Ed. Galaxia Gutemberg, 2013) edizioan.

Bihar, asteartea, maiatzak 31, lehenengo topaketa egingo da, Pere Gimferrer poeta (Bartzelona, 1945) eta Antonio Martinez Sarrion (Albacete, 1939) elkartuko dituena. Topaketek antzeko egitura izango dute, izan ere, guztietan, gonbidatuek atzera begiratuko baitute, Oteroren lanarekin izan zuten lehenengo harremana jendearekin konpartitzeko, euren lanean izan duen eragina, poetaren giza-erretratua eta zuzenean ezagutu zutenen anekdotak. Horrez gain, Oteroren lan handia beti egongo da presente, arrazoi bat edo beste dela eta bakoitzak irakurri edo gogoratu nahi dituen poemekin.

Espainiako Errege Akademiako kide 1985etik, Pere Gimferrer, egoitza Luxenburgon duen Academie Europeenne de Poesie izenekoaren akademiko sortzaile eta kide iraunkor ere bada, eta baita Poesiaren Mundu Akademiako kide ere. Dituen aintzatespen ugarien artean, Kataluniako Generalitatearen Creu de Sant Jordi (1989) eta birritan jaso duen Poesia Sari Nazionala daude. Lehenengoa 1966an jaso zuen Arde el mar lanarengatik, eta bigarrena 1988an, El vendaval lanari esker.

Antonio Martinez Sarrion, poeta izateaz gain, saiakera egile eta itzultzaile ere bada. Hirurogeiko hamarkadaren amaieran egin zen ezagun poeta gisa, Teatro de operaciones lanarekin, 1967an. Gaur egun mitikoa den eta 60ko hamarkadako poeta berritzaileenak biltzen zituen 1970eko Nueve Novisimos poesia antologiaren parte izan zen, eta haien artean zegoen Gimferrer, baita ere. 1994ra arteko bere lanaren hoberena urte horretan bertan argitaratutako antologian dago bilduta. Zenbait memoria liburukiren egilea ere bada, eta Baudelaire eta Victor Hugo itzuli ditu, beste batzuen artean. Bere bizitzan behin baino gehiagotan egon zen Blas de Oterorekin.

Asteazkenean, ekainaren 1ean, Antonio Carvajal eta Antonio Colinas bezalako beste bi egile garrantzitsuren txanda izango da. Antonio Colinas (La Bañeza, Leon, 1946) poeta eta itzultzaileak, 'Sepulcro en Tarquinia' poesia liburuaren lehenengo edizioa argitaratu zuen 1975ean, eta horrela hasi zen gauzatzen gaztelaniaz idatzitako poesiaren lan klasikoen artean dagoen lanetako bat. Poesia Sari Nazionala eta Kritikaren Sari Nazionala izan den lan horren eragina nabarmena izan da hainbat sortzaile belaunalditan eta horren ondorioz, gaur egungo poeta garrantzitsuenetakoa da. Antonio Colinasek Poesia Iberoamerikarreko Reina Sofia Saria irabazi berri du, gaztelaniaz idatzitako poesia sari nagusia, poesia arloko Cervantes saritzat hartzen dena. 

Antonio Carvajal, 2012ko Poesia Sari Nazionala, Filologia Erromanikoan doktore da Granadako Unibertsitatetik, eta bertan Metrikako klaseak eman zituen. Gai horri buruzko saiakera lanak ere idatzi ditu. Oso poesia lan luzearen egilea da, eta hainbat talde antologiatan jaso dira bere lanak. Bere poemak hainbat hizkuntzatara itzuli dira, ingelesera, frantsesera, italierara, arabierara, grezierara, alemanera eta errusierara, besteak beste.

Blas de Oteroren inguruko hirugarren topaketa ostegunerako, ekainaren 2rako, dago programatuta, eta egile talde interesgarri eta anitza elkartuko du: euskaraz idatzitako lanez osatutako bibliografia zabala duen Felipe Juaristi (Azkoitia, 1952) eta galizieraz idatzitako lana dela eta ezaguna den Manuel Rivas (Coruña, 1957), hiru poesia liburu idatzi dituen eta trantsizioko Espainiako poesian aditua den Marta Sanz (Madril, 1967) idazlearekin arituko dira. Azken horrek, eleberrigile eta poeta gisa egin duen lanaz gain, ipuinak eta saiakerak ere idatzi ditu, eta literatur kritikari gisa aritu da zenbait hedabidetan. 

Musika eta poesia

Ostiralean, ekainaren 3an, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoak, 'Expresion y reunion' izenburupean, poesia garaikideko lau ahots garrantzitsu bilduko dituen poesia errezitaldia jasoko du: asturieraz idazten duen Xuan Bello (Asturias, 1965) idazlea, hainbat poesia sari irabazi dituen Amalia Iglesias (Palentzia, 1962), Andres Neuman (Buenos Aires, 1977) blogari arrakastatsua eta poeta, Granta aldizkari britainiarrak gaztelaniaz idazten duten 22 narratzaile hoberenen artean aukeratutakoa, eta Elena Medel (Kordoba, 1985) poeta gaztea.

Errezitaldiak Iñaki Salvadorren pianoaren laguntza izango du. Iñaki Salvadorrek Blas de Oteroren gustuetan oinarritutako errepertorio berezia prestatu du, izan ere, musikarako zuen zaletasuna ezaguna zen gertuen zituenen artean. Asko atsegin zituen The Beatles taldea eta Bach bezalako konposatzaile klasiko batzuk.

Blas de Oteroren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko programazioari larunbatean, ekainaren 4ean, emango zaio amaiera bikaina, arratsaldeko 20:00etan hasiko den Paco Ibañezen kontzertuarekin, Bidebarrietako liburutegian, baita ere. Gitarra jole eta kantautore beteranoak ekitaldi honetarako beren beregi prestatutako errepertorioa eskainiko du. Abestuko dituen kantuen artean Me llamaran edo Me queda la palabra abesti ezagunak egongo dira, Oteroren poemen bertsio abestuak. Agertokian Mario Mas (gitarra) eta Joxan Goikoetxea (akordeoia) musikariak izango ditu ondoan. 

Paco Ibañez (Valentzia, 1934), poeta espainiarren lanak gehien abestu dituen artista izango da, ziurrenez. 1964an, Federico Garcia Lorcaren eta Luis de Gongoraren lanez osatutako bere lehen diskoa estreinatu zuen. Idazle horiek sarritan agertu dira bere karreran. Pariseko erbestetik, Paco Ibañez gitarra jotzaile gisa ere nabarmendu zen. Bigarren diskoa, 1967koa, Celayaren, Miguel Hernándezen, Quevedoren, Gongoraren eta Albertiren lanez osatuta zegoen. 1969an, Paco Ibañezek Olympiako errezitaldi ospetsua eskaini zuen Parisen. Disko berri hori Albertiren A galopar eta Nocturno lanekin hasten zen, baina Blas de Oteroren Me llamaran abestia izan zen entzule guztiengan askatasun oihuak sorrarazi zituena, ia ereserki bilakatu diren abestiekin.

Paco Ibañezen kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bilbaokultura.eus webgunean, Bidebarrietako liburutegian bertan eta Power Records dendan, 10 euroko prezioan.