Hileko azken ostegunetan indarkeria matxista salatuko dute Bilboko hainbat lekutan

uriola.eus 2016ko mai. 26a, 13:18
Argazkia: @zubietxe

Besteak beste, Arriaga, Indautxu edota Abusun. Emakumeok Bidean sareko kide diren elkarteen helburua hilero-hilero indarkeria matxista publikoki salatzea da 'Ni una más ni una menos, erailketa matxista gehiagorik ez' lelopean. 

Emakumeen aurkako indarkeria "gizarte osoari dagokion" ardura izaki, "beharrezkotzat" jotzen dute Emakumeok Bidean sareko elkarteek "hiritar guztien" parte-hartzea. Esaterako, hileko azken ostegunetan Bilboko lau guneetan egingo dituzten elkarretaratzeetan. Gaur, lehen deialdia, Arriagan bakarrik bildu dira 11:30ean. Ekaineko deialtitik aurrera hiriko hainbat gunetan egingo dituzte elkarretaratzeak. Arriagan ez ezik Indautxun eta Abusun ere izango dira prosteta bilkurak.

"Normaldu ez dadin, garrantzitsua da indarkeria matxista eta bere adierazpenak izendatzea eta ikusaraztea, emakumeek, edozein dela beren maila, jatorria, etnia, erlijioa, sexualitatea edota funtzionaltasuna, indarkeriari, identifikatu ostean, aurre egin diezaioten duintasunetik eta askatasunetik, justizia eskatuz eta eskubideak aldarrikatuz. Beldurrik gabe. Finean, emakume eta gizonak berdintasunean biziko diren gizarte bidezko baten aldeko aldaketarako subjektu politiko bilaka daitezen". 

Hirugarren sektorea ez ezik gizarte osoa kontzientziatu nahi du egitasmo honek. Izan ere, Susterra, Berriztu, Suspergintza, Zubietxe, Ignacio Ellacuria, FEKOOR edota Bidegintza elkarteko kideen ustez emakumeek pairatzen duten zaurgarritasun egoerak nonahi aurki daitezke. Bai elkarteek ematen duten zerbitzuetako erabiltzaileen artean bai zerbitzuaren emaileen artean ere. Horregatik ari dira emakumeen errealitatea ikusgarri egin nahian eta emakume eta gizonen arteko berdintasun aukerak sustatu nahian.  

#Emakumeokbidean

zubietxe.org