Elkarretaratzea egin dute Olabeagan Ametsgorri elkartean agertutako mezu arrazistak gaitzesteko

uriola.eus 2016ko eka. 1a, 09:15

Ecuador Etxea

Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute Sare Antifaxistak deituta Olabeagako Ametsgorri elkartearen parean (Olabeagako kaia 36) 'Faxismoa akatu! Euskal Herria faxismo eta arrazakeriaren aurka' lelopean. 

Ustez, eskuin muturreko talde batek egin du erasoa Olabegako kultur elkartearen kanpoaldean. Hain zuzen ere, svastikak margotu eta "Hitlerrek arrazoia zeukan" esaldia idatzi dute elkartearen kanpoaldeko horman.

EH Bilduk eman zuen erasoaren berri sare sozialen bidez igandean. Astelehenean koalizioak emandako prentsa agerraldi batean, Lander Etxebarria bozeramaileak elkartasuna adierazi die elkarte kulturaleko kideei eta "ardura agertu" du azkenaldian Bilbon izandako eskuin muturreko erasoen aurrean.

"Noizean behin Bilboko auzo ezberdinetan eskuin muturreko faxista taldeen erasoak gertatzen dira inpunitate osoz. Beldurra eta gorrotoa zabaltzea dute helburu. Asko izan dira azkenaldian izandako erasoak Herriko Tabernetan, Gazte Lokaletan, edota pertsona migranteei eta etxegabeei laguntzen dien Lagun Artean elkartearen egoitzan. Baita ere aurreko Aste Nagusian Arangoitin, non gazte bat erasotua izan zen eta oraindik ez da erruduna bilatu” azpimarratu du Etxebarriak.

Honen aurrean, gizarteari zein erakundeetako arduradunei, guztien artean "horrelako jarrera faxistekin bukatzeko" eskatu die; eta instituzioei zuzendu da talde faxista horiek "desegitea" exijituz. 

Gaur eguerdian, Sare Antifaxistak jakinarazi du, Udalak margoketak kendu dituela dagoeneko "salaketa eta herritarren presioaren" ondorioz.

[2016-05-30] Svastikak eta Hitlerren aldeko mezuak margotu dituzte Ametsgorri kultur elkartearen atarian