Indarkeria sexista

Kalea Arantzazu Palacios Izquierdoren hilketa matxista gaitzesteko lekua

uriola.eus 2016ko uzt. 30a, 10:37
Argazkia: @vancalde

Bilboko Udalak gaitzespen-ekitaldi instituzionalean parte hartzera deitu ditu herritarrak 11:00etan bost minutuko isilunea eginez. Udaletxeko eskaileretan politika eta gizarteko ordezkariak bildu dira. 

Arantzazu Palacios Izquierdo bilbotarra da indarkeria matxistak hildako zazpigarren emakumea aurten Euskal Herrian. "Modu tragikoan hila genero-indarkeriak eragindako egoera deitoragarri baten biktima izatearen ondorioz", Bilboko Udalak adierazpen instituzionalean azaldu duenez. Udalak bere samina adierazi du "gertaera ulertezin horregatik", eta bere sostengua helarazi die biktimaren senide eta pertsona hurbilei.

Emakumeen aurkako adierazpide ororen aurka "modu aktiboan" egiteko eskatu die Udalak hiritarrei "indarkeria hori salatuz". Horretarako gaur goizean gaitzespen-ekitaldi instituzionala deitu du. Bost minutuko isilunea izan da Udaletxeko eskaileretan. Bertan parte hartu dute Udaleko eta erakunde publikoetako hainbat ordezkarik eta politika munduko hainbat kidek.

Gafas Moradas elkarteak sare sozialen bidez iragarri du igandean, hilak 31, Moyua plazan kontzentratuko dela 20:00etan "indarkeria matxistaren kontra". Hau ere elkarretaratze isilia izango da.

Emakumeen Mundu Martxak erantzuteko protokoloa aktibatu du, eta abuztuaren 1ean manifestazioa egingo du 19:30ean Arriaga plazatik irtenda. "Emakume bat eraila Bilbon! Denak kalera!", mezua zabaldu du Twitter bidez.

 

Bikotekidea atxilotuta (www.berria.eus-etik)

Ostiral arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak gizonezko bat, hilda agertu zen emakumearen hilketarekin zerikusia izan dezakeelakoan. Atxilotua andrearen bikotekidea da, eta biktimak salaketak jarri zizkion genero indarkeriagatik. 2007ra arte urruntze agindua ezarri zioten, baina agindua kendu ziotenetik biktimak ez zuen salaketa gehiago aurkeztu.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Bilboko herritar batek larrialdi zerbitzuetara hots egin zuen joan den larunbatean, 10:45 aldera, esanaz etxeko sofan aurkitu zuela etzanda, geldirik. Bertara joan ziren osasun zerbitzuak, baina emakumearen heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin. 51 urte zituen.

Bertara joan ziren ertzainek ikusi zuten gorpuak ubelduak zituela, eta odol arrastoak ahoan. Lurrean ere odol aztarnak zeuden. Horren berri eman zioten Bilboko auzitegi bati, eta auzitegi medikuntzako zerbitzura eraman zuten gorpua. Autopsiak ebatzi du indarkeriaz hil zela andrea.