Animaliadun ikuskizunik gabeko Aste Nagusi baten alde batu dira konpartsak eta zenbait alderdi politiko

uriola.eus 2016ko abu. 18a, 17:54

Gaur goizean, konpartsa ezberdinek, EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao alderdietako kideekin batera agerraldia eskaini dute, Aste Nagusiaren baitan garatuko diren ikuskizunetan erabiliko diren animaliek bizi dute egoera larria salatzeko. Denek bat egin dute esatean, "animaliadun ikuskizunik gabeko Aste Nagusi baten aldekoak" direla.

Prentsaurrekoan esan bezala, egoera horren baitan aurkitzen dira zirkuko animaliak "tratu txarrak jaso eta hainbat ikuskizun egitera behartzen baitituzte". Gogoan izan dituzte ere Vista Alegreko zezen plazako animaliak; izan ere, "ganadutegitik irteten direnetik plazan hiltzen direnera arte, zezenek beldurra, eta estresa sentitzen baitute, bakarrik, familia-taldetik urrunduta eta aurkako egoera batean egotearen ondorioz".

Guzti horregatik adierazpena sinatu duten konpartsa eta alderdiek, "festak modu horretan bizitzea ez baimentzea, eta bilbotarren festak odolez eta sufrimenduz janztea ekiditetzeko neurriak hartzea" eskatu diete agintariei.

Zezenketen aurkako manifestazioa

Gaurko agerraldiaz gain, abuztuaren 27an, larunbata, manifestazio bat abiatuko da 17:00etan Ametzolako enparantzatik, zezenketekin amaitzea exijitzeko.